Aspargi, Inbiomed eta nanoGUNE, Parkinsonaren aurka elkarlanean
Aspargik, Gipuzkoako Parkinson Elkarteak, Inbiomed-ek eta nanoGUNEk elkarrekin prestatu duten ikerketa proiektua babestu du 6.000€ko beka batekin. Proiektuak neuronak hazteko forma berriak lantzen ditu, gaixotasunaren funtzionamendua ulertzeko eta tratamendu berriak bilatzeko intentzioarekin.
Parkinsonen Gaixotasunari (PG) buruz kontzientziatzeko, eta honen zergatiak eta tratamendu posibleak ikertzeko intentzioz, diru poltsa batekin ikerketa proiektu bati laguntzea erabaki zuen Aspargik 2014an. Parkinsonaren egun internazionalaren (apirilak 11) ostean elkarteak diru bilketari ekin zion, era berean proiektuak aurkezteko deialdi irekia zabalduz. Kolaborazioa bultzatzeko ideiarekin, proiektuak, gutxienez, Gipuzkoako bi ikerketa zentroren artean aurkeztu behar ziren.
2015eko martxoan, elkarteak 6.000€ko sariaren irabazlea ezagutarazi zuen, hau Inbiomedek eta nanoGUNEk aurkeztutako proiektua izan zen. Proiektua Inbiomed Fundazioko Rosario Sánchez Pernaute eta nanoGUNEko Amaia Rebollo etaAlexander Bittner, Ikerbasque ikerlaria, doktoreek burutzen dute. Elkarlaneko proiektu honen helburua PG-aren ikerketan eta tratamenduan erabiltzeko neuronak hazteko modu egokiena garatzea da.
2012an ekin zioten ikerketa proiektu honi, ama zeluletatik datozen neuronen hazkuntza eta transplantea nanomaterialen laguntzarekin aplikatzeko modu berriak pentsatzen hasi zirenean. “Gure ikerketaren helburua zelulak gure burmuinaren tankerako inguruan haztea da. Normalean, zelulak Petri plaketan tratatzen eta inkubatzen dira, laborategien barruan, baina emaitzak ez dira perfektuak izaten”, azaltzen du Sánchez-ek. “Hau, neurri batean, bere ingurune naturaletik kanpo haztearen ondorio dela uste dugu, beraz kondizio naturalagoak birsortzen dihardugu”, dio.
NanoGUNEko ikertzaileek “nanoingurune berezi bat sortzen dute, polimerozko zuntzez egindako matrize bat, non zelulak eroso sentitzen diren. “Elektroirutea deritzon teknika bat erabiltzen dugu, eta polimero-soluzio likido baten bitartez, zuntzekin marra oso finak marrazteko aukera daukagu. Polimeroa proteinekin eraldatzen dugu, gure burmuinean, neuronak bizi diren lekuan, ematen diren antzeko kondizioak sortuz”, azaltzen du Alexander Bittner-ek, Automihiztadurako taldearen buruak. Inbiomeden, ikerlariak fibrazko matrizearen barruan zelulak hazteaz arduratzen dira, zelulak neurona normalen moduan porta daitezen. Honela zelulak nola hazten diren, nola jokatzen duten eta nola zahartzen diren ikertu dezakegu.
Parkinsona tratatzeko ordezkapen terapiarako bidean
Rosario Sánchez-en iritziz, Parkinsonari ez zaio gaixotasun deitu behar, sindrome izena egokiagoa dela deritzo, jatorri ezberdinetako sintomen sorta baita. “Parkinsona emateko kausa anitz daudela dirudien arren, dopaminaren falta beti gertatzen da, hau sortzeaz arduratzen diren neuronak gainbeheratzen eta hiltzen direnean. Gaur egungo tratamenduek dopamina modu ezberdinetan ordezkatzen saiatzen dira (sendagaiak, zelulak edo geneak), honen bitartez Parkinsonaren sintomak hobetzeko: dardarak, mantxotasuna, programa motore batetik-bestera aldatzeko zailtasunak, etab.”, adierazten du Sánchez-ek.
“Gaixotasunen prebentziorako eta tratamendurako ideia berriek ez dira beti sendagaietan oinarritzen. Izatez, Parkinsonaren kasuan, kaltetutako zelulak aldatzea posible da”, azaltzen du Bittner-ek. “Arazoa zelula berrien beharrarekin dator: hazkuntza prozesuaren hasieran dauden ama zezulak behar ditugu, birprogramatu eta nahi ditugun zelulen moduan garatu daitezen”, dio Bittner-ek. “Birprogramazio” honek gaixoaren azaletik hartutako zelulak ama zeluletan bilakatzea ahalbidetzen du, esaterako.
Gaur egun Parkinsona tratatzeko experimentazio fasean dauden ordezkatze terapiak erabiltzen dira. Terapia hauek dopaminan oinarritutako sendagaien erabilerak dakartzan arazoei aurre egiteko alternatiba izan daitezke. Arazo hauek sendagaiak denborarekin eraginkortasuna galtzen dute eta gaixoak momentu bakoitzean behar duen dopamina kantitatea erabakitzea beste zailtasun bat da. “Zelulak erabiliz, dopamina kantitatea automatikoki erregula daitekeela uste dugu, zelulek sensoreak, (dopamina) errezeptoreak dituztelako” azaltzen du Sánchez-ek. “Dena den, ordezkatze teknika klasikoen arazo nagusietako bat zelula kantitate nahikoa biltzea da, zelula hauek garatze prozesuaren hasiera fasean dauden enbrioietatik atera behar direlako”, dio. Honegatik beharrezkoa da ama zeluletatik neurona funtzional onak lortzea.