Bikaintasun zientifikoaren Maria de Maeztu saria berritu du CIC nanoGUNEk

Estatuko Ikerketa Agentziak zazpi zentrori eta sei ikerketa-unitateri eman dizkie “Severo Ochoa” eta “Maria de Maeztu” bikaintasun-sariak, nazioartean eragina eta garrantzia duten emaitzengatik nabarmendu direlako. CIC nanoGUNEk “Maria de Maeztu” saria berritu du eta 500.000 euroko finantziazioa izango du datozen lau urteetan.

CIC nanoGUNE

Bereizgarri horien helburua da nazioartean eragina eta garrantzia duten emaitzengatik nabarmendu diren edozein zientzia arlotako ikerketa-zentro eta -unitateak finantzatzea eta egiaztatzea. Halaber, aktiboki laguntzen diote gizarte- eta enpresa-inguruneari. Puntako ikerketa-programak dituzten eta oso lehiakorrak diren antolakuntza-egiturak bereizten dituzte, beren arlo zientifikoetan munduko onenen artean daudenak.

50 eskaera aurkeztu dira deialdira, 17 zentro eta 33 unitate, eta ospe eta eragin handiko ikertzaileek osatutako nazioarteko batzorde zientifiko batek hautatu ditu saritutako erakundeak.

Luis Hueso Ikerbasque ikertzaileak zuzendu ditu proposamenaren prestaketa eta aurkezpena, eta aitortu du azken urteotan nazioartean maila lehiakorra lortu dela ikerketaren, prestakuntzaren, zabalkundearen eta abarren arloan. Hala ere, “beti hobetzen saiatzen gara, eta hurrengo lau urteetan bikaintasun-maila handiagoak lortzea da gure asmoa: ikerketa gehiago, industriara gehiago hurbiltzea, barne-sinergia gehiago, proiektuen lidergo handiagoa, gizartera gehiago hurbiltzea…” gehitu du.