Bikaintasun zientifikoaren María de Maeztu saria jaso du CIC nanoGUNEk
‘Severo Ochoa’ eta ‘María de Maeztu’ sariak ematen dizkie Estatuko Ikerketa Agentziak nazioartean eragina eta garrantzia duten emaitzengatik nabarmentzen diren ikerketa-zentro eta -unitateei.
Aurtengo deialdian, sei ‘María de Maeztu’ akreditazio eman dira Espainia osoan, eta horietako bat nanoGUNErentzat izan da. Horiez gain, zazpi ‘Severo Ochoa’ sari banatu dira. ‘Maria de Maeztu’ akreditazio berriek 500.000 euroko finantziazioa izango dute urtean, lau urtez.
Bikoitza da deialdiaren helburua: batetik, azken lau urteetan nazioartean eragina eta garrantzia duten emaitzengatik nabarmendu diren zentro eta unitaterik onenak aintzatestea eta akreditatzea; bestetik, zentro eta unitateek lau urterako landu dituzten plan eta programa estrategikoen finantziazioa, horren bidez haien ahalmen zientifikoak finkatzeko eta nazioartean aitzindari izaten laguntzeko.