CENTINELA proiektuak Inspire programa irabazi du

Aste honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin duen hitzarmenaren lehen balantzea aurkeztu du Petronorrek, bai eta Inspire berrikuntza irekiaren programaren hiru proiektu irabazleak ere. Proiektu irabazleetako bat da CENTINELA proiektua, Materialen Fisikako Zentroak, CIC nanoGUNEk eta Burgosko Unibertsitateak egina.

CENTINELA proiektuaren helburua da urruneko detekzio-sistema bat garatzea, oinarri izango dena findegiaren inguruan usain txarra eragiten duten substantziak garaiz hautemateko eta alerta emateko. Petronorrek planteatutako oinarrizko beharrei berariaz erantzuteko diseinatu da proiektua.

Detekzio-sistemak CFM/MPCren eta nanoGUNEren instalazioetan garatuko dira, eta, gero, Burgosko Unibertsitateari transferituko zaizkio; izan ere, substantzia kimikoen laginak segurtasun-kondizioetan tratatzeko ekipatuta daude hango laborategiak. Azken fasean, ekipoa Petronorreko instalazioetara transferituko da, landa-probak egiteko.

 

Kide nagusien funtzioak

Parte-hartzaileak eta kolaboratzaileek honako funtzio hauek izango dituzte:

  • CFM/MPC (Proiektuen Kudeaketa eta Berrikuntza Unitatea): Proiektua kudeatzeko eta koordinatzeko ardura du. Zehaztapenen definizioan, softwarearen diseinuan eta neurketa-sistemen diseinuan hartuko du parte, baita neurketa-sistemen garapenean eta aurreindustrializazioan ere.
  • CIC nanoGUNE (Nanooptika Taldea): Neurketa-sistema (Fourierren transformatu bidezko espektrometroa, diseinu optikoa eta seinalearen tratamendua) garatzen eta karakterizatzen hartuko du parte.
  • Burgosgo Unibertsitatea (Analisi Instrumentaleko Taldea): Usain txarra eragiten duten substantziei dagozkien datu espektroskopikoak biltzea, neurgailua karakterizatzea eta aldagai anitzeko softwarea garatzea, automatikoki garaiz detektatzeko eta alerta emateko.
  • Petronor: Aurrerapena gainbegiratzea, oro har. Betekizunak definitzea. Substantzia-moten eta emisio-gune izan daitezkeenen kartografia.