CIC nanoGUNE: hamarkada bat zientzian, lankidetzan, trebakuntzan eta transferentzian
Nanozientzia eta nanoteknologia benetako eraldaketen eragile dira dagoeneko, eta etorkizunean ere hala izango dira. Esate baterako, mundu guztiak hartzen du grafenoa etorkizuneko material gisa, izan ditzakeen askotariko propietateen ondorioz; eta grafeno-ekoizpena ezinezkoa litzateke nanoteknologian egin diren aurrerapenak egin izan ez balira eta, besteak beste, nanoGUNEko ikerketa-taldeek sortu duten ezagutzarik gabe. Nanozientziaren eta nanoteknologiaren arloko ikerketak egiteko, arkitektura- eta ingeniaritza-kondizio oso sofistikatuak behar dira, ohiko eraikinetan egitea ezinezkoa den esperimentuak egin behar izaten baitira. Horretarako, nanoGUNEk azken belaunaldiko azpiegitura bat eraiki zuen duela hamar urte.
NanoGUNEren helburua zen nanozientziaren eta nanoteknologiaren nazioarteko abangoardian kokatzea Euskal Herria. Hamar urte pasatu dira harrezkeroztik, eta “gure zentroa abian jartzeko Eusko Jaurlaritzak orduan egin zuen apustuak izan ditu bere emaitzak”, adierazi du Jose María Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusiak.
“Gai izan gara guregana erakartzeko beren alorretan izen handia daukaten 12 lagun, ikerketa-taldeetako arduradun izateko. Gaur egun, mundu osoko 25 herrialdetako 100 ikertzaile inguru daude haien ardurapean”, adierazi du Pitarkek. “Lan zientifiko horrek isla handia izan du, 800 artikulu zientifikotik gora argitaratu baitira itzal handiko aldizkarietan, besteak beste, Sciencen eta Naturen”, dio. Zentro honen konpromisoetako bat izan zen enpresen lehiakortasunean eta Euskal Herriaren garapen ekonomikoan laguntzea, eta, hala, dagoeneko, oinarri teknologikoko 5 enpresa sortu ditu (Graphenea, Simune Atomistics, Ctech-nano, Evolgene eta Prospero Biosciences), zeinak mundu mailan lehiatzen baitira; bestalde, 14 patente aurkeztu ditu, eta haietatik 9 ustiatzen ari dira dagoeneko. Enpresa- eta industria-arloekin duen konpromisoaz gainera, zentroak talentua sortzeko ardura ere badu; sortu zenetik, 39 doktore-tesi amaitu dira, eta bidean doazen beste 34 tesi gehitu behar zaizkie haiei. Pitarkek esan duenez, “aitzindari izan nahi badugu, mundu berriak aurkitzeko gai izan nahi badugu, zientziak mundu mailan aurrera egiteko hobiak ustiatzen lehenak izan nahi badugu, helmuga ezezagunetara edota pentsaezinetara eramango gaituzten bide horiek arakatzen jarraitu behar dugu”, adierazi du.
nanoGUNEko presidente Pedro Miguel Etxenikek nabarmendu duenez, “lehenengo Eusko Jaurlaritzak zabaldu zuen gure herrian ikerketa zientifikoaren arloan aldaketa handi eta oso esanguratsu bat egiteko bidea. Eta zorionekoak gara handik aurrerako Jaurlaritzek asmatu egin baitute orduko lehenengo Jaurlaritza hark irekitako bidea garatzen eta zabaltzen. Izan ere, Jaurlaritza guztiek, jauzi kualitatibo garrantzitsuak eman dituzte, une erabakigarrietan, gure zientzia- eta teknologia-sistema garatzeko. Eta une garrantzitsu horietako bat da, zalantzarik gabe, CICen edo ikerketa-zentro kooperatiboen sorrera”. Etxenikek Oteizaren aipu bat izan du gogoan: berritzen duenak, zerbait berria sortzen duenak, euskal arraunlariek bezala egiten du; hau da, aurrerantz egiten du, baina bizkarrez arraun eginez, atzerantz begiratuz, iraganerantz, bere gakoak berrasmatzeko. “Baina traineruan patroiak beti aurrera begira joan behar du, etorkizunera begira, lortu behar duen helmugara begira. Horixe da nanoGUNEk izan behar duen erreferentzia: etorkizunari begiratu behar dio ibilitako bidetik ikasiz”, esan du nanoGUNEko presidenteak amaitzeko.
Haiekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariak ere hartu du parte urteurren-ekitaldian, eta hau adierazi du: “zientziaren garapenean hamar urte ez dira ezer, baina hamarkada batean nanoGUNEk lortutako lorpenak izugarriak dira. NanoGUNEk erakusten du Euskadi etorkizunera begira dagoela eta guztiok elkarrekin arraun egiten dugula. Auzolanean sinesten dugu eta elkarlanean jarraituko dugu. Izan ere, nanoaren aldeko apustuak etorkizun luzea du Euskadin”.
Bestalde, Markel Olano diputatu nagusiak ere parte hartu du ekitaldian, eta bertan izan dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Donostiako alkate Eneko Goia, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza, eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka, bai eta beste hainbat erakundetako ordezkariak eta hainbat enpresatako goi-karguak ere.
Workshop zientifikoa eta hitzaldi publikoak
Arratsaldeko egitarauari dagokionez, workshop zientifiko batekin hasiko da: John Pendry (Imperial College, Erresuma Batua), Frank Koppens (ICFO, Espainia), Anna Fortcuberta i Morral (EPFL, Suitza) eta Jean-Marie Lehn (Estrasburgoko Unibertsitatea, Frantzia) hizlariak zenbait gairi buruz arituko dira, besteak beste, gainazal plasmonikoiei buruz, nanofotonikari buruz, nanohari erdieroaleei buruz eta kimika supramolekularrari buruz.
Horren ondoren, Jean-Marie Lehn Kimikako Nobel saridunak eta Kimika Ez-organikoko katedradun María Vallet Regík (zeinak izen handia baitu nazioartean bioteknologian eta medikuntzan egin dituen ekarpenengatik eta Oinarrizko Ikerketaren Jaime I Erregea jaso du 2018an) hitzaldi publikoak emango dituzte. Hitzaldiek izenburu hauek dituzte, hurrenez hurren: “Pasos hacia la materia compleja: ¡Química!” (alegia, materia konplexua lortzeko urratsak: kimika!) eta “Nanotecnología y sus aplicaciones: Posibles soluciones al cáncer, la osteoporosis y la infección de huesos” (alegia, nanoteknologia eta haren aplikazioak: minbizirako, osteoporosirako eta hezur-infekziorako irtenbide posibleak). 150 lagunek baino gehiagok eman dute izena hitzaldiak entzuteko.
10. urteurreneko ospakizunekin amaitzeko, publiko orokorrarentzako bisita gidatuak egingo dira, nanoGUNE barru-barrutik ikusteko, otsailaren 1ean eta 6an.