CIC nanoGUNEk 1,5 milioi euro jasoko ditu Europako Batzordetik
CIC nanoGUNEko hiru ikerketa-proiektu hautatu dituzte Europako FET Open deialdian (Future and Emerging Technologies). FET Open ekimenen helburua da lankidetzan egindako arrisku handiko ikerketa zientifiko eta teknikoko proiektu handiak indartzea. Teknologia berriak sortzeko proiektuak dira.
Nabarmentzekoa da, halaber, Europako FET-OPEN programa oso deialdi lehiakorra dela, aurkeztutako 902 proiektuetatik 58 bakarrik finantzatu baitira Europa osoan (% 6,6).
Hiru proiektuek 1,5 milioi eurotik gorako dirulaguntza jasoko dute: horietatik 747.000 euro Raúl Pérez-Jimenezek parte hartzen duen bioUPGRADE proiektuari dagozkio; 390.625 euro Luis Huesok laguntzen duen INTERFAST proiekturako dira; eta 375.000 euro, berriz, SINFONIA proiektuari, non Luis Huesok ere parte hartzen baitu.
NanoGUNEko ikertzaileek diotenez, “SINFONIA eta INTERFAST proiektuei esker, material organikoek elektronikarik lehiakorrenean dituzten propietateak aztertzen jarraitu ahal izango dugu, eta gure oinarrizko ikerketa-proposamenak merkataritza-gailuetara hurbiltzeko aukera izango dugu, enpresa liderren laguntzarekin”. Halaber, BioUPGRADE proiektuak “bioteknologia erabiltzeko aukera ematen du baliabide naturalak “high-tech” biomaterialen belaunaldi berri bihurtzeko.
SINFONIA
Luis Huesok koordinatzen duen SINFONIA (Selectively activated INFOrmation technology by hybrid Organic Interfaces) proiektuaren helburu nagusia da informazioa eskala nanometrikoan biltegiratu eta garraiatzeko teknologia bat garatzea, THz-en erregimen ultra-azkarrean lan eginez, egungo ohiko prozesadoreetatik haratago. SINFONIAk informazioaren teknologiaren ikuspegi guztiz berria proposatzen du.
BioUPGRADE
BioUPGRADE (Biocatalytic upgrading of natural biopolymers for reassembly as multipurpose materials) proiektuak, Raúl Pérez-Jiménezek koordinatuta, genomikaren, proteina-ingeniaritzaren eta materialen zientziaren aurrerapenak batzen ditu, naturako biopolimero nagusiak errendimendu handiko eta aplikazio anitzeko biomaterial bihurtzeko, energiaren zein medikuntzaren alorrean erabiltzeko.
INTERFAST
Luis Huesok koordinatzen duen INTERFAST (Gated INTERFACES FOR FAST information processing) proiektuak plataforma teknologiko berri bat garatuko du, pultsu elektrikoen bidez material baten erantzun magnetikoa kontrolatzeko, eta, hartara, informazioa modu ultratrinkoan biltegiratzeko modu berriak proposatzeko.