CIC nanoGUNEk eta Astilleros Balenciagak ontzigintzako altzairua ikertzen dihardute
CIC nanoGUNE eta Astilleros Balenciaga elkarlanean aritu dira tamaina ertaineko ontziak egiteko erabiltzen den ontzigintzako altzairuaren konformazio termikoak materialaren mikroegiturari ez diola kalterik egiten egiaztatzeko.
Altzairuzko xafla bat konformatzeko, konformazio termikoaren teknika erabil daiteke: bero-foku bat eta hozte-foku bat modu jakin batean aplikatzen dira, horrela, dilatazio eta uzkurdura batzuk sor daitezen xafla eratu ahala. Prozesu hori eskuz egiten da, soplete batekin beroa aplikatuz eta ondoren ur hotzeko hornidura baten bidez hoztuz. Beroa eta hotza behar bezala aplikatzea funtsezkoa da prozesua zuzena izan dadin eta nahi diren formak lor daitezen, erabilitako materialaren ezaugarri mekanikoak hondatu gabe. Gaur egun, ez dugu daturik baieztatzeko munduko ontziola guztietan aplikatzen den prozesu horrek materialaren ezaugarri mekanikoak kaltetzen dituela.
Horregatik, nanoGUNEko Mikroskopia Elektronikoaren taldeak Astilleros Balenciagako I+G sailak emandako altzairuzko laginak aztertu ditu. Egindako azterketak egiaztatzen du moldatzeko xaflei aplikatzen zaien berotze-prozesuak ez duela aldaketa kaltegarririk eragiten altzairuaren mikroegituran, eta horrenbestez piezaren propietate mekanikoen murrizketan. Aitzitik, analisiaren emaitzen arabera, altzairuaren propietate batzuk (muga elastikoaren norabidetasuna, harikortasuna eta erresistentzia) hobetu egiten dira tratamendu termikoaren bidez, eta, aldi berean, xaflen akatsak eta barne-estresa murrizten dira, eta, ondorioz, korrosioarekiko erresistentzia hobea lortzen da.
Lehen emaitza horiek etorkizun handiko eremua irekitzen dute konformazio termikoaren bidezko piezen analisian. Bi enpresek nahi dute etorkizunean lankidetzan aritzea metalaren industriako fabrikazio-prozesuak hobetzeko.