CIC nanoGUNEk koordinatutako proiektu batek 4 milioi euro inguru jaso ditu Europako Batzordetik
CIC nanoGUNEk SPEAR proiektua koordinatzen du. Proiektu horren bidez, hurrengo belaunaldirako konputaziorako memorien eta prozesadoreen material berriak aztertu nahi dira, Europako bost erakunde akademikorekin (CEA-Frantzia, ETH Zurich-Suitza, IMEC-Belgika, U. Hanburg-Alemania, Martin Luther University Halle-Alemania) eta hiru enpresarekin (ANTAIOS-Frantzia, QZabre-Suitza, NanOsc-Suedia) elkarlanean.
Europako Batzordeak SPEAR proiektua aukeratu du ITN programaren barruan finantzatzeko. Proiektuak 4 urteko iraupena izango du, eta 4 milioi euro inguru jasoko ditu. Batez ere, doktoratu aurreko 15 ikertzaile kontratatzeko eta horiei goi-mailako prestakuntza eskaintzeko erabiliko da diru hori. Fèlix Casanova, nanoGUNEko Nanogailuak taldeko Ikerbasque ikertzailea, da SPEAR proiektuaren burua.
Proiektuaren arduradunak nanoGUNEn adierazi duenez, “ikerketaren helburua da spin-orbita lotura sendoa duten material berriak bilatzea; material horiekin lotutako fenomeno berriak aztertzea; eta fenomeno horietan oinarritutako gailuak garatzea, hurrengo belaunaldiko konputaziorako memorietarako eta prozesadoreetarako”. “RAM memoria konbentzionalean ez bezala, hurrengo belaunaldian, hala nola MRAM memorian (Magnetic Random Access Memory), datuak ez dira karga elektriko edo korronte-fluxu gisa biltegiratzen, baizik eta biltegiratze magnetikoko elementuen bidez. Era berean, gaur egun siliziozko transistoreak dituzten mikroprozesadoreak ordezkatzeko zenbait teknologia ditugu, hala nola spin-logika edo MESO logika, ikaskuntza automatikoa edo konputazio neuromorfikoa, material berri horiez baliatuko liratekeenak”, erantsi du Fèlix Casanovak.