CIC nanoGUNEK parte hartuko du Urbanzientzia ekitaldian

nanoGUNEk parte hartuko du Urbanzientzia ekitaldian. Zientzia kalean zabaltzeko asmoa du ekitaldi horrek, eta TEKNAHIk antolatu du DSS2016-ko egitasmoen artean dagoen OLATU TALKAren barruan.

 

DIPCrekin elkarlanean haur eta helduentzako esperimentuak egingo ditugu. Helburua da ongi pasatzea eta nanozientzia eta materialen zientzia modu erakargarri eta ulergarrian gizarteari hurbiltzea. Halaber, nanoKOMIK erronkara aurkeztutako ehun lan baino gehiagoren artean aukeratutako batzuk erakutsiko ditugu.

Urbanzientzia maiatzaren 21ean ospatuko da Iztuetako gunean, Gros eta Egiaren artean, egunean zehar. Dibulgazio zientifikoa herritarrengana hurbiltzea da asmoa, eta, aldi berean, gure inguruko ikerketa-zentroetan egiten den lana ikusaraztea. Dibulgazioko bakarrizketak, hitzaldiak, haur eta helduentzako tailerrak eta laborategiak, erakusketak eta beste hainbat ekintza egingo dira egun osoan zehar. nanoGUNE ere bertan izango da egun osoan.