Edurne Sagasta, tesi esperimental onenaren GEFES 2019 saria
Tesi esperimental onenaren saria jaso du Edurne Sagasta Ikertzaileak, Espainiako Fisikako Errege Elkarteko (RSEF) Materia Kondentsatuaren Fisikako Dibisioaren (GEFES) eskutik. Tesiaren izenburua Spin-to-charge current conversion in systems with spin-coupling da eta CIC nanoGUNEn egin zuen.
Tesi honetan Hall spin efektua aztertzen da. Efektu hori spin-orbita akoplamendua duten metaletan gertatzen da, eta karga-korronteak spin-korronte bihurtzen ditu, eta alderantziz. Bihurketa horiek interes teknologiko handikoak dira, memoria magnetikoak idazteko prozesuan (MRAM memoriak, esaterako) edo irakurketan (spinean oinarritutako zirkuitu logikoetan bezala, Intelen proposamen berri bat) erabiltzeko ahalmena baitute. Zenbait metaletan, hala nola platinoan (Pt) edo tantalioan (Ta), efektu hori eragiten duten mekanismoak azaldu dira ikerketan, eta, horri esker, konbertsio horren eraginkortasuna nola handitu egiaztatu ahal izan dute. Platinoa (Pt) grafenoarekin ere konbinatu dute, spin-korronteak karga-korronte eraginkor bihurtzen dituen gailua lortzeko.
Hall spin efektua Hall anomalo efektuarekin lotuta dago; efektu hori XIX. mendetik ezagutzen da, baina duela gutxi arte ez da askorik ikertu. Tesiaren bigarren zatian agerian geratu da material ferromagnetikoetan uste baino konplexuagoa dela erlazio hori.
Edurne Sagasta
Edurne Sagastak Fisika ikasi zuen UPV/EHUn, eta Nanozientzia eta Material Aurreratuak masterra egin ondoren unibertsitatean, doktore-tesia hasi zuen nanoGUNEn. “Unibertsitatean fisika ikasi ondoren, praktikoagoa izango zen zerbait egin nahi nuen. Aldi berean, jende gehiago duen proiekturen batean murgiltzea nahi nuen, munduko hainbat laborategi bisitatzeko aukera ere ez nuen baztertzen; laburbilduz, ikerketa-proiektu bati ekiteko gogo nuen” adierazi du ikertzaileak. “Doktore-tesia amaitu ondoren, industriaren mundura jauzi egitea erabaki nuen, eta gaur egun Mondragon Assembly enpresan ari naiz lanean”, dio.