Erantzun bikaina nanoGUNEren 5. urteurrenari
- CIC nanoGUNE Euskal Herriko nanozientziako ikerketa-zentroak 5. urteurrena ospatu du gaur
- P.M Etxenike: “J.M. Pitarke da nanoGUNEren arrakastaren egile nagusia”
- 250 lagun baino gehiago izan dira zentroak antolatutako ate-irekien jardunaldian
Nanoeskalan materiaren propietateak aldatu egin dira, eta horrek eguneroko bizimoduan oso ohikoak bilakatzen ari diren aplikazio ugariri ate berriak irekitzen dizkie. Kontzeptu horiek gure ulermenetik haratago egon badaitezke ere, nanoGUNE ikerketa-zentroan egunero-egunero erabiltzen dituzten kontzeptuak dira, duela bost urtetik hona. NanoGUNEra hurbildu diren ikasle, irakasle, ingeniari, mediku, arkitekto, ekonomilari, jubilatu, etxeko andre eta abarrek lan hori gertutik ezagutzeko aukera izan dute gaur, zentroko ikertzaileen eskutik.
“Geure lekua aurkitu nahi dugu; gure ekarpenengatik ezagut gaitzaten nahi dugu” esan zuen zentroaren ibilbidearen hasieran Jose Maria Pitarkek, nanoGUNEko zuzendari nagusiak. Bost urte igaro dira orduz geroztik, eta “balantzea oso positiboa da, oso pozgarria. Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu” adierazi du Pitarkek 5. urteurrena ospatzeko ardunaldiaren irekiera-ekitaldian. “Ez dugu soilik maila goreneko azpiegitura bat abiarazi; horrez gain, beren alorretan izen handikoak diren Ikerbasque ikertzaileak ekarri ditugu gugana” azpimarratu du. Halaber, Pitarkek ezagutza enpresetara transmititu behar dela nabarmendu du: “orain arte hala egin dugu eta horixe da, hain zuen, etorkizuneko gure erronka” esan du.
Goizeko workshop zientifikoan parte hartu duten Niek van Hulst (ICFO, Bartzelona), Victor Muñoz (CSIC, Madril), Kirsten von Bergmann (Hamburgoko Unibertsitatea) eta José María de Teresa (CSIC, Zaragoza) hizlariek proteinen tolestura, nanofotonika, espintronika eta nanomagnetismoa bezalako gaiak izan dituzte aztergai.
Ate-irekien jardunaldia
Pedro Miguel Etxenike nanoGUNEko lehendakariak eman dio hasiera arratsaldeko ate-irekien jardunaldiari. Aukera hori aprobetxatu du bere poza adierazteko, hasieratik bete-betean sinistu duen proiektu honen garapen-mailari dagokionez. “Urte gutxian nanoGUNE erreferentziazko ikerketa-zentroa bilakatu da nazioartean; maila goreneko talentu sortzaileak erakartzeko gai da; abangoardiako zientzia egiten du; ezagutza eskaintzen die ekoizpenehunari eta enpresak sortzen ditu. Hori guztia lortzea zaila da, hemen nahiz edonon” adierazi du. “Arrakasta talde-lanaren ahaleginaren ondorioa da”, eta horrenbestez, nanoGUNEko Patronatuaren, Batzorde Zientifikoaren, staff-aren, ikertzaileen eta teknikarien lana eskertu du. Etxenikek Eusko Jaurlaritzaren etengabeko laguntza eta epe luzerako ikuspegi estrategikoa nabarmendu ditu. Izan ere, horiek ezinbestekoak dira sorkuntza loratzeko esparru apropos bat lortzeko. Politika horiek nahitaezkoak dira proiektuaren eraginkortasuna bermatzeko. Etxenikek bihotz-bihotzetik eskertu du Jose Maria Pitarke zentroko zuzendari orokorraren lana. “Hutsetik hasita abangoardiako eraikin eta azpiegitura sortzeko gai izan da, talentua erakarri du, lerro estrategiak diseinatu eta mantendu ditu, eta halaber, geure herrialdearen industriari lagundu dio. Hori guztia lortzeko jende askoren konfidantza jaso du, eta horretarako, talentua, ausardia eta lan nekaezina beharbeharrezkoak dira, baina ez nahikoak: jakinduria eta ezagutza sendo bat eta lidergo zintzo eta integratzailea behar dira. Pitarke nanoGUNEren arrakastaren egile nagusia dela esan du Etxenikek.
Felix Ynduráin Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko katedradunak “Nanozientzia eta etorkizuneko energia-teknologiak” hitzaldi irekia eskaini du jarraian. Nola egingo diogu aurre etorkizuneko energia-eskariari? Nanozientziak lagundu diezaguke? Ynduráinek galdera horiei buruzko zenbait argibide eman ditu. Egungo energiakontsumoaren eboluzioa eta etorkizuneko erronkak aztertu ostean, garapen berriei buruz aritu da. Bereziki, nanozientzia ezinbestekoa duten zenbait arloren adibideak aurkeztu ditu, hala nola, energia nuklearra eta fotovoltaikoa, hidrogenoaren erabilera, CO2aren eta energiaren metatzea, garraio elektrikoa eta abar. “Nanoeskalan material berriak garatzeak zein horien karakterizazioak eta manipulazioak teknologia energetiko berria eta iraultzaileak garatzeko paradigma berri bat sortzen dute” nabarmendu du Ynduráinek.
Hitzaldi horren ostean, nanoGUNEren muinak ezagutzeko txanda iritsi da. Ekimen horrek arrakasta itzela izan du, leku guztiak hartuta baitzeuden jardunaldia baino hainbat egun lehenago. Bertara gerturatutakoek aukera izan dute areto garbia ezagutzeko; ezaugarri elektronikoak, mekanikoak eta optikoak eskala atomikoan neurtzeko aukera ematen duen mikroskopio bat, bakarra munduan, bertatik bertara ikusteko; mikroskopio elektnoiko baten bidez Grapheneak, nanoGUNEren lehenengo start-upak, egindako grafenoa ikusteko; eta laborategi ezberdinetako hainbat teknologia ezagutzeko. Horiek guztiak kanpoko bibrazioetatik, interferentzia elektromagnetikoetatik, zaratetatik eta zikinkeriatik salbu daude. Une batez nanomunduan bidaiatzeko aukera izan dute guztiek.