ERC Proof of Concept Luis Huesorentzat
Europako Batzordeak 150.000 euroko hornidura eman dio CIC nanoGUNEko Nanogailuen taldeari, ERC Proof of Concept programaren bidez. Programaren helburua da Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) finantzatutako abangoardiako ikerketa-proiektuetan sortutako ideien ahalmen berritzailea praktikara ekartzea. NanoGUNEko Nanogailuen taldearen FAST TestOM proiektua da Europako Ikerketa Kontseiluak diruz lagundutako 133 proiektu europarretako bat.
Proiektu honen abiapuntua SPINTROS izeneko beste proiektu bat da. SPINTROS proiektuari 1,3 milioi euroko laguntza eman zion ERCk, Starting Grant programaren bidez, eta, haren bidez, erdieroale organikoetan oinarritutako gailu elektroniko berriak diseinatu eta garatzeko material eta funtzio berriak ikertu zituzten.
Orain, taldearen helburua da aplikazio elektronikoetarako molekula organikoen potentzialtasuna neurtzeko prototipo bat garatzea eta merkaturatzea: FAST and accurate Testing of Organic Material – FAST TestOM. “Ekipo txiki bat egin nahi dugu, zeinaren bidez OLED pantailen ekoizleek, adibidez, aukera izango baitute molekula organiko desberdinek argia emititzean zer portaera duten erraz, azkar eta merke neurtzeko”, azaldu du Luis Hueso Nanogailuak taldeko buruak.
Telefono mugikor askoren pantailak OLED motakoak dira (organic light-emitting diode edo argi-emisioko diodo organikoa). Geruza elektrolumineszente batean oinarritutako egitura batez osatzen dira pantailok, alegia, potentzial-diferentzia bati erantzunez argia sortzen eta emititzen duten osagai organikoz osatutako film batez. Ikertzailearen arabera, “prototipo honi esker errazago eta merkeago jakin ahal izango genuke zer molekula organikok edo polimerok emitituko duen argi gehiago, xahutuko duen energia gutxiago, iraungo duen luzaroago, eta abar, eta horrek onura handia eragingo du gailu komertzialak ekoizteko katean”.