Etorkizuneko aukera bat ehungintzako enpresentzat
Donostiako CIC nanoGUNEk eta AEG Berrikuntza Profesionalerako Eskolak elkarlanean dihardute material iraunkorren bidez ehun-jantziak lortzeko.
Material birziklatuak eta ingurumena errespetatzen dutenak erabiltzea bereziki interesgarria da, gure industriek ingurumenean duten eragina murrizteko premia dela eta. Ehungintza da munduko industria kutsagarrienetako bat. Hori dela eta, “lankidetza honen helburu nagusia da material birziklatuetatik edota biodegradagarrietatik abiatuta kalitate ezin hobeko harizko zurak lortzea, ehungintzan erabiltzeko edota ehunen 3Dko zuzeneko inprimaketarako”, adierazi du Javier Latasak, nanoGUNEko proiektuaren arduradunak.
AEGri dagokionez, “azken urteotan, material birziklatuak eta biodegradagarriak erabiliz ehunak fabrikatzeko metodoak bilatzen aritu gara. Hain zuzen, arrakastaz garatu dugu 3D inprimaketan oinarritutako eta mundu mailan aitzindaria den polimero birziklatuekin fabrikatzeko teknika bat”, adierazi du José Carlos Alonsok, AEGko moda eta ehunen diseinuko sailekoa. “Lan honek aukera ematen digu ikusteko elektrospinningeko teknikak 3D inprimaketan oinarritutako ehunen fabrikazioko gure teknologian aplika daitezkeen edo ez aztertzeko”, gehitu du Alonsok.
Horretarako, azken urteotan, “Novaspider ekipoa garatu dugu; ekipo horrek 3D inprimaketa egiteko teknikak eta zuntzak ekoizteko elektrospinning teknikak bateratzen ditu”, azaldu du Latasak. “Ekipoak material konposatu sendoak, arinak, porotsuak eta gainazal espezifiko handikoak diseinatzeko aukera ematen du, nanozuntz polimerikoetatik abiatuta. Nanozuntz horien izaera, diametroa, itxura eta morfologia modu erraz eta eraginkorrean modulatu daitezke”, erantsi du.
“Fabrikazio aurreratuko teknika berri horri esker —dio Javier Latasak—, etorkizun handiko eta potentzial handiko ehun-laginak fabrikatzea lortu da, ohiko teknikak erabiliz fabrikatutako ehunetan lortu gabeko propietateak eransten direlako. Besteak beste, porositate handia, malgutasun handia, elastikotasuna… Zuntzen diametroa ere murriztea lortu da. Horrek ukitu atseginagoa ematen dio ehunari, eta ehun natural baten antzeko sentsazioa”.
Hala, “beste material batzuekin esperimentatzeko apustua egin da, beste material batzuk erabiliz porositatearen eta malgutasunaren propietate orokor berak izatea espero baita, eta material bakoitzari berezitasun espezifikoak eranstea, hala nola testura-aldaketa, propietate mekaniko desberdinak eta abar”, adierazi du nanoGUNEn proiektuaren arduraduna den Javier Latasak.
Bi erakundeak bat datoz esatean “lan honen bidez ondoriozta daitekeela elektrospinning teknikak eta nanoGUNEk garatutako Novaspider teknologiak aukera handia ematen duela ehun materialak ekoizteko lehengai gisa polimeroak erabilita. Lortutako materiala zuntz ultrafinezko ehun porotsua, malgua eta elastikoa da. Beste polimero batzuekin egindako esperimentazioak, %100 birziklatuak izan daitezkeenak, etorkizun zirraragarria eta oparoa eskaintzen digu, eta bultzada handia eman diezaioke ehungintzan fabrikazio aditiboko teknikak erabiltzeari”.
Donostiako Sustapenak proiektu honetan ematen duen laguntza Bonu Teknologikoen programaren bidez gauzatzen da, CIC nanoGUNErekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan tokiko enpresa eta pertsona ekintzaileen osagai teknologikoa duten proiektuak sustatu eta garatzeko, transferentzia teknologikoaren eta Donostiako ikerketa-zentroetan garatutako ezagutzaren bidez.