Fèlix Casanovak 2020ko Ikertzaile Nabarmenaren Intel Saria jaso du
Fèlix Casanova NanoGUNEko Nanogailuak taldeko buruak eta Ikerbasque ikertzaileak 2020ko Ikertzaile Nabarmenaren Intel Saria jaso berri du, MESO teknologian egindako ekarpenengatik. Teknologia horrek etorkizuneko gailu elektronikoen beharrei erantzuten die.
Elektronikan gaur egun erabiltzen den teknologiaren ordezkoa aurkitzea, txikiagoa, azkarragoa eta, garrantzitsuena, energia gutxiago kontsumitzen duena, erronka orokorra da. Azken urteotan, Fèlix Casanova eta nanoGUNEko taldea MESO logikan ari dira lanean, Intel multinazionalarekin lankidetzan. Teknologia berri horrek etorkizuneko behar konputazionalen memoria-, interkonexio- eta logika-eskakizunak kontuan hartzen ditu.
Intelek 18 ikertzaile akademiko garrantzitsu saritu ditu Outstanding Researcher Awards 2020 sariekin. 18 sarituetatik, hiru bakarrik ez daude Amerikako zentroetan; bat Austrian, beste bat Txinan eta Fèlix Casanova, CIC nanoGUNE nanozientziaren euskal zentroan. NanoGUNEko taldeak garatzen duen proiektua zein ibilgailu autonomoentzako errepideen prestaketa ebaluatu dira beste beste. Intel eta unibertsitateen arteko ikerketa-lankidetza horiek guztiek etorkizuneko teknologietarantz gidatzen ari dira egungo informatika.
Intel multinazionalak mundu osoko ikertzaile akademikoekin batera lan egiten du konputazio kuantikoan, adimen artifizialean (IA) eta sortzen ari diren beste teknologia berritzaile batzuetan. Eta urtero aintzatesten ditu Intelek babestutako ikerketaren bidez egindako aparteko ekarpenak Ikertzaile Nabarmenarentzako Sariekin.
"Munduan aitzindari diren mila ikertzaile akademiko baino gehiago finantzatzen ditugu urtero. Sarien irabazleak aukeratzean, oso kontuan hartu dira babestutako ikerketaren alderdiak, hala nola oinarrizko ezagutzak, zailtasun teknikoa, lankidetza eraginkorra, ikasleak kontratatzeko aukera eta industriarako duen garrantzia, bereziki Intelentzat", dio Mandy Pant Intel-eko Ikerketa Korporatiboko Kontseiluko zuzendariak.
“Gogobetetasun pertsonalaz harago —dio Casanovak—, ikerketa-bikaintasunaren aintzatespena da sari hori, aurrerapen teknologikoetarako ezinbesteko motorra baita; Intel bezalako mundu mailako enpresa aitzindari batek oso ondo daki hori.” Gainera, “horixe da, hain zuzen, nanoGUNE euskal gizartean gauzatzen ari den zeregina”, nabarmendu du Fèlix Casanovak.