Hainbat neurri enpresen nanoteknologiako eskaria handitzeko
Proiektuari Nanofransfer nanozientzien aldeko apustua euskal ekonomiaren ekoizpena eraldatzeko prozesuan funtsezko estrategiatzat hartzen du Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko, Tecnaliako, CIC Nanoguneko, NanoBasque-SPRIko eta Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateetako adituek proiektu bat egin dute elkarrekin, Euskal Autonomia Erkidegoan nanozientzien, mikroteknologien eta nanoteknologien garapena eta ezarpena aztertzeko. Proiektuari Nanofransfer izena eman zaio eta nanozientzien aldeko apustua euskal ekonomiaren ekoizpena eraldatzeko prozesuan funtsezko estrategiatzat hartzen du. Halaber, nanoteknologiak fabrikazio prozesuetan eta merkatuari eskaintzen zaizkion produktuetan txertatzea bizkortu beharra azpimarratzen du.
Nanotransfer proiektuaren ondorio nagusietako bat da nanoteknologiek datozen urteetan sektore askotan hartuko duten presentzia eta duten iragazkortasuna. Partzuergoa osatzen duten sei erakundeetako ikertzaileen iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoak nanoteknologien garapenean sakontzen jarraitu behar du eta enpresa esparrura eraman behar ditu teknologia horiek. Proiektuaren azken txostenaren arabera, beste teknologia batzuek, esate baterako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek edo bioteknologiek ez bezala, nanoteknologiek ez dute beren sektore berezia osatuko. Aitzitik, sektore guztietan txertatuko dira. Horregatik, azpimarratzen du proiektuak, ezinbestekoa da merkaturako transferentzia eta ikerketan egindako aurrerapenak merkatuan ustiatzea erraztea.
Euskal Autonomia Erkidegoa erdi mailan kokatuta dago nanozientzietan eta nanoteknologietan sortzen diren patenteen kopuruari begiratuta, Europar Batasuneko 28 herrialdeak aztertzen baditugu. Hala ere, teknologia horiek industria prozesuetan eta produktuetan aplikatzeari begiratuta, egoera ahulagoa da. Nanoteknologiak industrian txertatzeko sarrera hesi nagusiak dira ekipamendu eta tresna bereziak behar izatea, enpresek egin behar dituzten inbertsioak eta langile kualifikatuen eskasia.
Nolanahi ere, nanoteknologiak txertatzen hasi den euskal enpresen % 60k dio produktu berria edo hobetua lortu duela, eta % 30ek dio ekoizpen prozesu berriak edo hobetuak lortu dituela.
Nanotransfer proiektuak nolabaiteko tamaina duten eta ibilbide sendoa duten enpresen garrantzia aitortzen du, enpresa horiek I+Gko jardueretan inbertsioak egiteko gaitasun handiagoa duelako eta horrela, nano eta mikroteknologien garapena bultza dezaketelako. Beste esparru batzuetan, ordea, esate baterako, biozientzietan, sektoreari bultzadarik handiena enpresa sortu berriek (start-upek) ematen diote, eta horiek loturak dituzte unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin.
Nanozientziak eta nanoteknologiak Euskal Autonomia Erkidegoan
Euskadin nanozientzien eta nanoteknologien egoera aztertu nahi izanez gero, hainbat enpresa mota bereizi beharko genituzke. Zehazki, hiru multzo handi bereiziko ditugu:
- Nanomaterialak:tamaina handiko enpresak dira, nagusiki metalurgiakoak, kimikakoak eta plastikoen ekoizleak.Merkatuan enpresa helduak dira eta produktua berritzeko jarduerak eramaten dituzte aurrera.
- Nanobioteknologia:multzo honetan enpresa gazteagoak daude, dimentsio txikiagokoak. Spin-off moduan bultzatu dituzte farmazia industriek, ikerketa zentroetan edo unibertsitateetan. Oso enpresa intentsiboak dira I+Gn, eta nanoteknologiak produktuetara eramaten dituzte.
- Mikro-nanoelektronika: tamaina ertaineko enpresek osatzen dute multzo hau, eta mikro edo nanoteknologiak beren produktuetan txertatu dituzte.
Nanoteknologiako jardueraren bat duten enpresen hiru laurdenak industria sektorekoak dira eta gainerako laurdena, berriz, zerbitzuen sektorekoa. Nanoteknologiako ondasunen eta zerbitzuen hartzailea ere industria da funtsean, batez ere, manufaktura aurreratua deiturikoa. Geografiari dagokionez, nanoteknologiek garrantzi handiagoa dute Gipuzkoan eta haren atzetik, Bizkaian. Gipuzkoa espezializatuagoa dago nanomaterialetan, nanoelektronikan eta nanointrumentazioan; Bizkaia, berriz, nanobioteknologian.
Ondorioak
Nanotransfer proiektuak azpimarratzen du behar-beharrezkoa dela enpresek teknologia horiek xurgatzeko duten ahalmena handitzea eta transferentzia mekanismo egokiak bultzatzea nanozientzietako eta nanoteknologietako testuinguru bakoitzean. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak aukera du zientzia eta teknologiako gaitasunen kontzentrazio geografiko bat izateko, baina gaitasun horiek enpresa esparrura eraman behar dira. Horretarako, proiektuko ikertzaileek gomendatzen dute industria horretan jakintza zientifikoko oinarria duten profesionalak hartzea, nanozientzietan eta nanoteknologietan egindako garapenak eta merkatuko aplikazioa lotzen lagunduko dutenak. Ildo horretatik, zientzia eta teknologiako eragile desberdinen arteko benetako lankidetzan oinarritutako transferentzia mekanismoak sustatzea proposatzen dute, azpiegiturak partekatzea eta langileak mugitzea.