Ikerketa eta merkaturako transferentzia bultzatzeko hitzarmen bat

José María Arias Mosquera Fundación Barriéko presidenteak eta Jose Maria Pitarke CIC nanoGUNEko zuzendari nagusiak hitzarmen bat sinatu dute, gaur, Donostian, Fundación Barriék bere Zientzia Funtsaren bidez emaitza zientifiko-teknologikoak merkatura transferitzeko garatu duen metodologia ezartzeko nanoGUNEn.

Fundazioaren presidenteak azaldu duenez, “Fundación Barriéren Zientzia Funtsa 'eginez ikastea eta hobetzea' filosofian oinarritzen da; baliagarri izan da praktikaren bidez egiaztatutako metodologia bat diseinatzeko, garatzeko eta baliozkotzeko tresna gisa, eta, orain, nanoGUNEren esku utziko dugu, erabil dezan. Hala, erabat betetzen dugu gure helburua: beste eragile batzuek erabiltzeko moduko bide berriak diseinatzea eta modelizatzea". Zientzia Funtsa 2011n sortu zen, eta, haren bidez, metodologia bat ezarri nahi da eta zubiak eraiki nahi dira bikaintasuneko ikerketaren eta merkatuaren artean, bikaintasuneko ikerketa merkatura irits dadin eta merkatuak patente, lizentzia, enpresa-kontratu eta abarren bidez itzul dezan."Hitzarmen honen helburua da metodologia bat, bide-orri bat, abiaraztea eta egokitzea, gure inguruneko ikerketa-emaitzen garapen- eta merkaturatze-prozesuan lagunduko duena”, adierazi du Jose M. Pitarkek.“Egia bada ere emaitzak askotarikoak direnez eta oso merkatu desberdinetako aplikazioak dituztenez ez dagoela errezeta berdingaberik transferentzia teknologikoaren arloan, baliabide honek aukera ematen digu alor jakinetan baliagarriak izan diren esperientzien berri emateko eta gure garapen propioetara egokitzeko”, erantsi du.

NanoGUNEren eta Fundación Barriéren arteko hitzarmen honi esker, nanoGUNEko ikertzaileen arabera egokitu daitekeen bide-orri horri jarraitu ahal izango dio Donostiako ikerketa-zentroak. Hitzarmenaren bidez, emaitzak merkatura transferitzeko prozesuen ezaugarrien eta baldintzen inguruan duten jakintza sakondu ahal izango dute ikertzaileek, ikerketa-proiektuak diseinatzen diren unetik bertatik zer transferentzia-aukera dauden aurresan eta aurreikusi ahal izan dezaten.Horregatik, "gure asmoa da metodologia hori ezagutzea eta gure ikertzaile guztiei helaraztea, gure zentroan bertan aurreikusten has daitezen zer behar eta zailtasun aurkituko dituzten merkaturagarri izan litezkeen emaitzek, eta, hala, errazagoa izan dadin haiek garatzea", azaldu du Pitarkek. Bestalde, nanoGUNEk duen lankidetzazko izaera dela eta, "metodologia hau lankidetza-proiektuetan sartuko dugu, bai I+G eta garapen teknologikoa bultzatzeko euskal programen bidez (Eusko Jaurlaritza, GFA), bai ustiapen komertziala kontuan hartzen duten nazioarteko programen bidez (Horizon 2020)", amaitu du Pitarkek.

Berrikuntza sustatzeko Zientzia Funtsa

Galiziako ikerketa-sisteman izen handiko ikertzaile eta zientzialariek sortzen dituzten eta merkaturatze-aukerak dituzten emaitza zientifiko-teknologikoen balorizazioko, kontzeptu-probetako eta merkaturatzeko faseak finantzatzen ditu Fundación Barriéren Zientzia Funtsak. Horrez gainera, bazkide estrategiko gisa jarduten du fundazioak ikerketa-emaitzen balorizazioan, ustiapen komertzialean eta gizarteratzean, eta, horretarako, nazioarteko aditu-talde baten aholkularitzaz baliatzen da (besteak beste, Oxfordeko Unibertsitateko teknologia-transferentziaren enpresa, ISIS Innovation). Prozesu osoan, fundazioak oso hurbiletik laguntzen eta babesten du lantaldea, fase guztietan, negozio-adimena, kudeaketa-gaitasuna, analisia eta estrategiaren profesionalizazioa eskaintzen baitizkio eta proiektuaren zerbitzura jartzen baitu 50 urtean fundazioak lortu duen kontaktu-sare osoa. Emaitza gisa, Zientzia Funtsak —hasiera batean 5,5 M€-z hornitua— bost proiektu lagundu ditu, guztira 3 M€ inguruko inbertsioarekin, eta haietatik lau proiektu daude gaur egun indarrean . Bi proiektutatik sortu dira startup-ak, eta beste bi baliozkotze komertzialaren fasean daude.

For further information:

Fundación Barrié

Fundación Barrié Galiziako fundazio pribatu bat da. 1966an sortu zuen Pedro Barrié de la Maza enpresaburuak, arlo hauetako programen bidez Galiziako garapen sozioekonomiko eta kulturala sustatzeko helburuarekin: hezkuntza, zientzia, gizarte-ekintza, kultura eta ondarea. Zientziaren arloko programek hiru ildo estrategiko hauek dituzte, Fundazioak Galiziako ikerketarekin duen konpromiso sendoaren adierazgarri: ikerketa zientifikoa babestea, ikertzeko gaitasuna eragitea eta ezagutzaren transferentzia.

www.fundacionbarrie.org

Contact:

Itziar Otegui (komunikazio-arduraduna - nanoGUNE): 943 574 000 - com@nanogune.eu

Suzana Mihalic (komunikazio-zuzendaria – Fundación Barrié): 659 459 030 / 619 028 386 / smihalic@fbarrie.org