CIC nanoGUNEk mikroskopia elektronikoko instalazioa handituko du FIB tresna paregabe batekin
Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak 1,5 milioi euro eman dizkio nanoGUNEri, batez ere FIB teknologia berriak edo Ioi Sorta Fokalizatuen teknologia berriak Euskal Herrira ekartzeko (FIB, Focused Ion Beams). Azken belaunaldiko ioi-sorta fokalizatuko mikroskopio elektroniko bat izango da ekipamendua, eta normalean tresna bakarrean aurkitzen ez diren ezaugarriak konbinatuko ditu: materialen zientziaren arloko aplikazioetarako detektagailu-multzo zabal bat; baterien eta industriaren sektorera zuzendutako bolumen handiko erauzketak egiteko aukera; eta aplikazio biologikoetan erabili ohi den aukera kriogeniko bat. Tresna bakarrean ezaugarrien konbinazio horrek ez du parerik izango Europan, eta tenperatura baxuko fisikarekin lotutako materialen zientzian eta kriozelulen tomografiarekin lotutako zientzia biologikoetan ikertzeko aukera berriak eskainiko ditu. Mikroskopio hori ikerketa-instalazio komun baten oinarria izango da, Europan dagoen bakarrenetako bat.
Ekipamendu horrekin komunitate zientifikoaren erabilera orokorra eta eskala handikoa sustatu nahi du nanoGUNEk. Andrey Chuvilin Ikerbasque ikerlariak eta nanoGUNEko Mikroskopia Elektronikoaren laborategiko buruak azaldu duenez, "elkarrekin egindako jarduera baten emaitza da proposamenaren arrakasta, eta hainbat ikerketa-zentroren interesen erakusle da: CIC bioGUNE, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE eta beste batzuk. Baterien, metalen eta aleazio berrien ikerketan interesa duen industria barne hartzen duen komunitate zabal bati irekitako instalazioa izango da. “Oinarrizko jardueretako bat izango da zelulen kriotomografiarako krio-FIBa prestatzeko ezagutza teknikoak eskaintzea”, esan du. Mikroskopio berri horrekin nanoGUNEko Mikroskopia Elektronikoaren laborategiak biosegurtasuneko 2. maila eskuratuko du, eta infektatutako material biologikoekin lan egiteko aukera irekiko da, ikerketa biomedikorako eta ospitaleko diagnostikorako.
Mikroskopia Elektronikoaren laborategiak goi-mailako mikroskopia elektronikoko euskarri bat eskaintzen die Euskadiko eta mundu osoko ikerketa-erakundeei eta industriari. Laborategi hori nanoGUNEren Kanpoko Zerbitzuen azpiegituraren parte ere bada. Azpiegitura hori mikroskopian oinarritutako karakterizazio- eta nanofabrikazio-aplikazioez arduratzen da, eta tresna berria haren parte izango da.