ITSASAMPLE erakusketak itsasoko bizitzaren ezkutuko edertasuna erakusten du
Gaur goizean ITSASAMPLE erakusketa ireki dute, zeinak bisitariari aukera ematen baitio ezkutuko mundu batean murgiltzeko: gizakiaren begiek ikusi ezin dezaketen itsas unibertsoak bizia hartzen du nanoGUNEko mikroskopio elektronikoek ateratako organismo biologikoen irudi harrigarriekin. ITSASAMPLE erakusketak Donostiako Aquariumeko askotariko itsas espezie eta organismoen irudi eder eta harrigarriak jasotzen ditu, ikusleei begiek ikusi ezin dutena erakusteko xedearekin. Erakusketak gaur ireki ditu ateak, eta azaroaren 9ra arte bisitatu ahalko da Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan.
Mikroskopia elektronikoa abangoardiako tresna bat da, ikerketa zientifikoan materia ulertzeko, eta paper garrantzitsua du erakusketa honetan; izan ere, mikroskopio horiek ikerketa-taldeen begiak eta eskuak dira, kasu honetan Donostiako Aquariumak emandako laginen ezaugarriak, begi hutsez ikusi ezin daitezkeenak, ikusteko. Gainera, Plentziako Itsas Estazioak (PiE-UPV/EHU) parte hartu du irudien azterketan, eta mikroskopioen irudiek emandako informazioa interpretatzen lagundu du. Horrela, ITSASAMPLEn honakoak ikus ditzakegu, besteak beste: ezkaten ildoak, zeinak arrainen adina kalkulatzeko erabil baitaitezke, zuhaitz baten enborreko eraztunekin egiten den antzera; edo abakandoen matxarden eremuan metatzen diren harizpi ñimiñoak, zeinek elikagaiak bilatu eta biltzen laguntzeko mekanorrezeptore eta kimiorrezeptore moduan jokatzen baitute.
Irudiak ekortzeko mikroskopia elektronikoaren bidez (SEM ingelesez) lortu dira. Eskaneatze-teknika oso ahaltsua da, eta oso gauza txikiak ikusteko balio du, begi hutsez ikusi ezin daitezkeenak, ezta mikroskopio optiko onenekin ere. “Argiaren ordez, elektroiak erabiltzen ditu SEMek laginaren —hots, analizatu nahi ditugun objektuen— gainazala eskaneatzeko. Elektroiak laginarekin interakzioan sartzen direnean seinale jakin batzuk igortzen dituzte, eta, horiek detektatuz, doitasun oso handiko irudiak sortzen dira. Irudi horiek agerian uzten dituzte laginen azaleko topografia (erliebea) eta konposizio kimikoa, eta horri esker xehetasun bikainarekin ikus ditzakegu testura, patroiak eta egitura finak”, adierazi du Oksana Yurkevichek, nanoGUNEko Mikroskopia Elektronikoko ikertzaile eta erakusketako irudi gehienen egileak. “Mikroskopioarekin ateratako irudiak zuri-beltzean daude; erakusketa honetako SEM irudien koloreak prozesatu ondoren gehitu dira, hobeto ikusteko, baina ez dituzte laginaren ezaugarri fisiko-kimikoak irudikatzen”, adierazi du Oksana Iurkevichek. “SEM mikroskopiari esker, zeinak mikroskopio optiko onenek baino 100 aldiz bereizmen hobea lor baitezake, egitura ñimiñoak ikus daitezke, soilik nanometro batekoak, gizakion ile bat edo paperezko orri bat baino 100.000 aldiz finagoak”, gehitu du nanoGUNEko espezialistak.
ITSASAMPLE esperientzia ahaztezina da itsasoko munduaren edertasuna beste ikuspegi batetik miretsi nahi dutenentzat. Erakusketa sortu duen taldearen arabera, “irudi horiek, espezie horiek ikertzeko informazio zientifikoki baliotsua emateaz gain, edertasun paregabea dute, gure ustez”.
Erakusketa azaroaren 9ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan, eta irekita egongo da ostiral eta larunbat arratsaldeetan, 16:00etatik 19:00etara. Aquariumeko ohiko sarrerarekin ere bisitatu dezakezu esposizioa.
Bisita bereziak
Oksana Yurkevichek gidatutako bi bisita ere izango dira urriaren 16an eta 30ean, arratsaldeko 18:00eta. Bisita horiek publiko guztiei zuzenduta egongo dira.
Halaber, familiei zuzendutako jarduera berezi bat antolatu da urriaren 19rako, larunbatarekin. ITSASAMPLE erakusketara bisita labur bat eta bizimodu mikroskopiko batzuk buztinarekin interpretatzeko eskulan bat egingo da.
Bi jarduera horietan izena eman behar da aldez aurretik. Informazio guztia nanoGUNEren webgunean dago: www.nanogune.eu