CIC nanoGUNEk beste spin-off bat abiarazi du, erditze seguruago baterako teknologia batekin

CIC nanoGUNEk bere zazpigarren spin-offa abiarazi du: Optec4Life. Enpresak teknologia berri bat garatuko du denbora errealeko etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailerako gailu mediko bat jartzeko ospitaleetako obstetra-taldeen esku, erditzean asfixia perinatala diagnostikatu ahal izateko, eta horrekin beharrezkoak ez diren zesareak saihesteko eta emaitza perinatalak hobetzeko.

Optec4Life

Teknologia disruptibo hori eguneroko praktika klinikoaren premia bati eranzuteko sortu da, zeina IIS Biogipuzkoa Euskadiko Osasun Sistemako Ikerketa Institutuarekin lotutako Osakidetzako medikoek identifikatu baitzuten.Horren ondorioz, nanoGUNErekin lankidetza bat sortu da erditzean haurren bizi-konstanteak monitorizatzeko soluzio bat aurkitzeko —asfixia perinatala edo oxigeno falta detektatzea barne—.

Gaur egun, kardiotokografia da erditzean fetuaren ongizatea ebaluatzeko metodorik hedatuena: horren bidez, fetuaren bihotz-maiztasuna eta umetokiaren uzkurdurak erregistratzen dira etengabe. Metodo horrek aukera ematen du fetuaren estresa identifikatzeko; baina zeharkakoa eta interpretagarria da, eta ez da nahikoa asfixia perinatala zuzenean detektatzeko. Horregatik, fetua estresa jasaten ari dela detektatzen denean, beste teknika batzuetara jo ohi da, hala nola umetxoari odol-lagin bat ateratzea, gero hura aztertzeko pH eta/edo laktato mailak neurtze aldera. Lagin hori haurtxoaren buruko ile-larrutik lortzen da, ama erditzen ari dela, eta, hura aztertu ondoren, berehala atera behar ote den erabakitzeko informazioa lortzen dute obstetra-taldeek. Bigarren urrats horrek arazo bat du, prozedura inbaditzaile eta etena baita; ondorioz, analisiak une bati buruzko informazioa baino ez du ematen, eta, gainera, guztira eskatzen duen neurketa-denbora gehiegizkoa da batzuetan.

Osakidetzako Donostialdea ESIko osasun-profesionalek eta Biogipuzkoako ikertzaileek osatutako IIS Biogipuzkoako Obstetrizia eta Ginekologiako ikerketa-taldeak planteatutako erronkaren aurrean, nanoGUNEko Nanoingeniaritzako taldea, Andreas Seifert Ikerbasque irakaslea buru zuela, gailu fotoniko bat garatzen hasi zen, aldaketa biokimikoak —hala nola pH- edo laktato-mailen aldaketak— fetuaren azalarekiko kontaktu hutsarekin detektatzeko. Gailuak emandako informazioak, adimen artifizialak lagunduta, hipoxia-iskemia gertakariak denbora errealean identifikatzen lagunduko luke, eta, ondorioz, erabakiak azkar hartzea erraztuko luke. “Doktorego-tesi bat garatu genuen ideia horrekin, eta ikerketa aurreklinikoetan lortutako emaitzak oso onak izan ziren —azaldu du Andreas Seifertek—. Hain onak, non patente bat erregistratu baikenuen Euskadiko osasun-sistemarekin (BIOEFen bidez) baterako jabetzan teknologia babesteko”. “Esku artean genuen prototipo hasiberri bat, denbora errealeko etengabeko zaintza ez-inbaditzailea egiteko gai zena, eta horrek lehiarako abantaila nabarmena ematen zuen lehendik zeuden metodoen aldean”, gaineratu du Andreas Seifertek.

Horrela hasi ziren teknologia berria garatzen jarraitzeko enpresa bat sortzeko ideia esploratzen. “BIC Gipuzkoak proiektua hautatu zuen merkatu- eta bideragarritasun-azterketa bat egiteko, eta, horri esker, ustiapen-estrategiak lehenetsi ziren”, adierazi du Ainara García Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariak. Berrikiago, proiektua Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk, Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Kapitaleko Sozietatearekin, BRTArekin eta BICen sarearekin lankidetzan, gidatutako Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du. Egitasmo hau Euskadiko Zientzia eta Teknologia Patzuergoari (BRTA) atxikitako zentroek sortutako teknologietan funtsatuta dauden oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko ekimen berria da. “Azken urrats horrek aukera eman du Optec4Life enpresa eratzeko; aurten jarri da abian, eta teknologia hori ustiatzeko lizentzia esklusiboa du”, gaineratu du.

Standard of care berri baterantz

NanoGUNEren spin-off berriak, orain, teknologia berri hori garatu eta baliozkotzeko erronka du, talde medikoei, haurtxoei eta amei zuzenean lagunduko dien tresna bihurtzeko.

“Teknologiaren helburua da edozein anomalia fisiologiko perinatal identifikatzea, erabaki medikoak hartzea arintzeko eta, hala, amarentzako zein haurrarentzako arriskua minimizatzeko”, adierazi du Francesc Paris Huguetek, Optec4Lifeko gerenteak. Ikuspuntu klinikotik, “jarduteko modua aldatzea da, hau da, egungo protokoloa edo standard of care-a aldatzea, informazio osagarri hori guztia oso lagungarria izango baita medikuentzat”, gaineratu du Optec4Lifeko kudeatzaileak. “Lehenengo susmoa agertzean, talde medikoek interesatzen zaizkien balioen analisia egin ahalko dute, bagina barruko zunda baten bidez (ekografo baten antzekoa), eta datuak berehala lortu, laginik hartu beharrik gabe eta beharrezkotzat jotzen den denboran”, azaldu du Paris Huguetek.  

Azken gailua diseinatzeko eta prototipoak egiteko lanak beste eragile batzuekin elkarlanean egingo dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarekoak nahiz nazioartekoak. Ondoren, baliozkotze-etapan, gailua helduetan eta jaioberrietan erabiltzeko lehenengo probak egingo dira, gailuaren erabilera klinikorako ziurtapena lortzeko eta merkaturatzeko.

Teknologia disruptiboa

Optec4Lifek garatuko duen gailuak teknologia berri bat du oinarri, Raman espektroskopian funtsatua: Raman zunda espezifiko bat eta ikaskuntza automatikoko algoritmoak konbinatzen dira, eta algoritmoek kontuan izango dute aldaketen edo anomalia fisiologikoen koadro kliniko orokorra. “Gaur egungo metodoekin baino, zeinetan parametro bakarra —hala nola pH-a— aztertzen baita erabakiak hartzeko, ikuspegi askoz zabalagoa eskaintzen du teknologia berri honek, behar den denbora guztian”, adierazi du Jaione Etxebarriak, Optec4Lifeko garapen teknologikoaren arduradunak. “Raman espektroskopia bibrazioetan oinarritutako metodo espektroskopiko oso espezifiko bat da, aukera ematen duena aldaketa biokimikoak zuzenean zein zeharka detektatzeko. Ikaskuntza automatikoaren bidez, eta koadro fisiologiko osoa kontuan hartuta, sentikortasun handiagoa, egoera metabolikoaren sailkapen egonkorra eta intereseko parametroen iragarpena lortzen dira”, gaineratu du Jaione Etxebarriak.

Aintzatespenak

Teknologiak zenbait aintzatespen jaso ditu: finalista izan da European Technology Platform Nanomedicine (ETPN) plataformaren 2020ko “Pitch me up” programan eta plataforma bereko HealthTechTAB ekimenean; BBK Venture Philanthropy-ko finalista izan da; eta EHUk antolatutako Manuel Laborde sariak irabazi ditu —biak 2020ko edizioan—. Horretaz gain, proiektua, “Intrapartum monitoring” izenarekin, balorizazio kualitatiboko azterlan batean parte hartzeko hautatu zuten, eta, duela gutxi, Txekintek-Ekintzaile laguntza eman diote, biak BIC Gipuzkoaren laguntzarekin.