OMN 2024, optikaren eta nanofotonikaren arloko azken aurrerapenen erakusleihoa
Donostiak optikaren eta nanofotonikaren arloko munduko adituak hartu ditu International Conference on Optical MEMS and Nanophotonics – OMN 2024 konferentzian. Ekitaldian, CIC nanoGUNEk antolatu baitu, 110 aditu inguru bildu dira.
Andreas Seifert nanoGUNEko Ikerbasque irakasleak MEMS Optikoei eta Nanofotonikari buruzko Nazioarteko Konferentzia inauguratu du (International Conference on Optical MEMS and Nanophotonics – OMN 2024). Bertan, optikaren eta nanofotonikaren arloko munduko adituak bildu dira.
Egun hauetan, uztailaren 28tik abuztuaren 1era, International Conference on Optical MEMS and Nanophotonics – OMN 2024 konferentzia hartzen ari da Donostiako Aquariuma. Konferentziaren helburua da mikroeskalako eta nanoeskalako optikarekin eta fotonikarekin lotutako ikerketa-gaiak jorratzea. Ekitaldia mundu osoko 110 profesional ingururen bilgune izan da, eta CIC nanoGUNEren ahaleginari esker eta IEEE Photonics Societyren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, BRTA aliantzaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker egin ahal izan da.
Konferentzia honek aukera ematen die ikertzaileei MEMS optikoen eta nanofotonikaren esparruan egin dituzten azken aurkikuntzei buruzko informazioa emateko, eta industriako eta mundu akademikoko profesionalen arteko truke zientifikoa sustatzeko.
Miniaturako iraultza
Sistema mikroelektromekanikoen (MEMS, ingelesezko siglak) teknologiak hazkunde esponentziala izan du azken urteotan. MEMS gailuetan, osagai mekanikoak, elektrikoak eta optikoak sistema bakar batean integratzen dira, eta, horri esker, funtzio ugari egin ditzakete eskala oso txikian. Hori dela eta, MEMS sistemek ahalmen handia dute bizi garen gizarteari on egiteko, hainbat esparrutako aplikazioen bidez.
MEMS optikoak eta nanofotonika teknologia aurreratuak dira, eta osagai mekaniko eta elektronikoen miniaturizazioa eta argia eskala nanometrikoan manipulatzea uztartzen dute. Bi teknologiek askotariko arlotan dituzte aplikazioak, hala nola telekomunikazioetan, medikuntzan, industria-fabrikazio aurreratuan, biosentsoreetan eta konputazio optikoan.
MEMS sistemek eragin handiena izan duten arloetako bat industria-fabrikazioa izan da: horretan, aukera eman dute 4.0 Industriarantz igarotzeko, zeinean mundu fisikoak eta digitalak bat egiten baitute. MEMS gailu optikoak fabrikazio-prozesuetan, kalitate-kontrolean eta makinen monitorizazioan erabiltzen dira. Horren adibide dira MEMS sentsoreak: aukera ematen dute makinerian akatsak detektatzeko haiek gertatu aurretik, eta, hala, efizientzia areagotu, eta mantentze-lanen kostuak murrizten dituzte. Ingurumen-parametroak (hala nola tenperatura eta hezetasuna) monitorizatzeko ere erabiltzen dira, fabrikazio-prozesuak baldintza onenetan egiten direla bermatzeko.
Medikuntzan ere inpaktu handia izaten ari dira. MEMS optikoak eta nanofotonika diagnostiko eta kontrol medikoaren arloan integratu izanak iraultza eragin du parametro biologikoak denbora errealean monitorizatzen eta kudeatzen diren moduan. Teknologia horiei esker, gailu miniaturizatu eta oso zehatzak gara daitezke, eta horiek giza gorputzean ezar daitezke, pazientearen osasun-egoerari buruzko funtsezko informazioa emateko, modu jarraituan eta ez inbaditzailean.
Andreas Seifertek (nanoGUNEko Nanoingeniaritzako taldeko liderra eta OMN 2024ko presidente nagusia) adierazi duenez, “MEMS optikoen eta nanofotonikaren arloa oso arlo aurreratua da, eta horren teknologiak baliatzen ari gara gaur egun, adibidez, denok ezagutzen dugun zuntz optikoan, baita telefono mugikorren pantailetan ere. Hala ere, arloa hain da askotarikoa eta aplikaziotik eta erabilera teknologikotik hurbila, ezen aukera asko eskaintzen baititu epe labur eta ertainean aurrera egiten jarraitzeko”.