CIC nanoGUNE ikerketa-zentroan garatutako teknologia batek berrikuntza sustatzen du ehungintza-sektorean

CIC nanoGUNE nanozientziaren euskal ikerketa-zentroa ehungintzako zuntzak eta ehunak funtzionalizatzeko teknika espezifikoak garatzen ari da. Nanomaterialen taldeak zuzentzen duen etorkizun handiko ikerketa-ildo hau Elkarteken proiektu batean kokatzen da, eta, nanoGUNErekin batera, beste bi erakunde hauek parte hartzen dute: Gaiker zentro teknologikoak (tratatutako oihalen azken propietateak testatzen ditu) eta Andromeda Moto ehungintzako enpresak (oihalak hornitzen ditu).

Natalia Chamorro

Ehungintzan, berrikuntza ez da soilik diseinuan eta modan gertatzen. Industriak eta merkatuak gero eta ehun berritzaile gehiago eskatzen dituzte, diseinatu diren erabileretara egokituko direnak. Nanoteknologiak, azken hamarkadetan, hainbat teknika garatu ditu, materialen propietateak “neurrira” aldatzeko. Hori dela eta, aliatu ukaezina da gure jantziei propietate berriak emango dizkieten zuntz berriak garatzeko: erresistentzia handiagokoak, iragazgaitzak, izpi ultramoreetatik babesteko balio dutenak, mikrobioen aurkakoak, orbanen aurkakoak eta abar.

Helburu horrekin, nanoGUNEko Nanomaterialen taldeak funtzio anitzeko ehun-zuntzak garatzen dihardu. Horretarako, «jada oso ondo ezagutzen ditugun bi teknika konbinatzen ditugu —'atomo-geruzen jalkitzea' eta 'lurrun-faseko infiltrazioa' deritzenak— material biobateragarrien partikula nanometrikoak (adibidez, titanio oxidoa edo zink oxidoa) ehun-zuntzetan txertatzeko. Hala, ehun arrunten izaera aldatzen dugu, hala nola kotoiarena, poliesterrarena edo nailonarena, propietate berriak emanez», dio Natalia Chamorro ikertzaileak.

Atomo-geruzen jalkitzea (ALD, ingelesezko sigla baliaturik) oso teknika erabilia da industria-sektore askotan, gainazalean partikula txikien geruza finak ezarriz materialak funtzionalizatzeko. Lurrun-faseko infiltrazioa (VPI, ingelesezko sigla baliaturik) nanoGUNEn aplikatutako teknika bat da, eta, etengabeko bilakaerari esker, gaur egun mundu osoan erabiltzen da materialak hobetzeko. «ALDren aldakuntza bat da —azaldu du Chamorrok—, eta, horri esker, ezarritako partikulek, materiala estaltzeaz gain, barne-egituran infiltratzen dira, eta, hala, askoz gehiago aldatzen dira propietate kimikoak eta fisikoak».

Proiektuaren bitartez, teknika aztertzen eta hobetzen ari dira, ehungintzan erabili ahal izateko. «Asko hobetu da zenbait ehunen iragazgaiztasuna, euripean blaitzetik iragazgaitz izatera igaro baitira. Era berean, zenbait bakterio aztertzeari esker, ehun batzuei mikrobioen eta usainaren aurkako propietateak eman ahal izan dizkiegu; esate baterako, kotoiari eta bakeroari. Izpi ultramoreen aurkako babesa hobetzea ere lortu dugu», dio Natalia Chamorrok.

«Kontuan hartu beharreko beste faktore bat da zenbaterainokoa den estalduraren iraunkortasuna eta egonkortasuna garbiketa-prozesuen aurrean», adierazi du nanoGUNEko ikertzaileak. «NanoGUNEn aplikatutako VPI teknologiak oso emaitza onak eman ditu; izan ere, zenbait garbiketa-zikloren ondoren, partikulek ehunari ondo lotuta jarraitzen dute, eta, beraz, mantendu egiten dira ehunari emandako propietate berri eta hobetuak».

Natalia Chamorroren arabera, «nanoteknologian oinarri harturik, ehungintzak aukera bikaina du aurretik kontsumitzaileen eta enpresen eskaerak aseko dituzten produktu berri eta hobetuak sortzeko, eta enpresa asko hasiak dira horrelako berrikuntzetan inbertitzen, pertsonen eguneroko bizimodua hobetzeko».