CardioPrint, bihotz-inplanteetarako biofabrikazio-prozesu berriak

CardioPrint proiektua bultzatzen duen erakundeetako bat da CIC nanoGUNE, biofabrikazioaren arloan aurrera egiteko, aurrekaririk gabeko zehaztasunarekin giza ehun bioartifizialak sortzeko gai den gailu berri baten bidez. Azken batean, bihotzeko inplanteen biofabrikazio-prozesu berriak diseinatu, ekoitzi eta probatzea da gure helburua.

CardioPrint

CardioPrint-ek 3D inprimaketaren, biomaterialen eta zelula amen ikerketaren azken berrikuntzak modelizazio konputazionalarekin konbinatzen ditu, bihotz-ehun biomimetikoa eta pertsonalizatua diseinatzeko.

Biomaterialen 3D inprimaketa nanoGUNEren beraren lana izango da, novaspider.com markaren baitan merkaturatua. Baina gure estrategiak ez ditu arazo teknologiko horiek bakarrik kontuan hartzen: gaixotasun garrantzitsu baten ikerketari eragiten dio zuzen-zuzenean, kardiopatia iskemikoari (KI), alegia, hori baita Europar Batasuneko heriotza-eragile nagusia.

Kardiopatia iskemikoa gertatzen da arteria bat estutzen edo une batez blokeatzen denean, eta bihotzera oxigeno asko duen odol-fluxua eragozten duenean. Bizirik geratu direnentzat, besteak beste, orbain fibrotiko zurrun baten presentzia kronikoa eta muskulu-masa miokardikoa murriztea dira arazoak. Horrek funtzionaltasuna gutxitzea dakar. Inplanteak, hasiera batean, irtenbide bikaina dira, baina oraingoz haien diseinua bikaintasunetik oso urrun dago.

Arkitektura aldetik konplexuak diren ehunen biofabrikaziorako behar adinako zehaztasuna emango duten (bio)inprimagailu berriak diseinatzeko erronka hartu du bere gain CardioPrint proiektuak. Hasteko, modelizazio konputazionala egingo dugu, datu mekaniko, funtzional eta elektrikoetan oinarritua, eta polimero biodegradagarrien, molekula funtzionalen eta miokardioko zelula amen 3D sare batean ezarriko da.

Nafarroako Unibertsitatea (UNAV) da proiektuaren buru, eta nanoGUNEk beste bost bazkiderekin batera hartzen du parte: Zaragozako Unibertsitatea (UNIZAR), Kataluniako Bioingeniaritza Institutua (IBEC), Leartiker, Nadetech Innovations SL eta Ikerketa Biomedikorako Fundazioa (Gregorio Marañón Ospitalea).Proiektua Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Europako Batasunak finantzatzen dute, Next Generation funtsen bidez.