Irekia nanoteknologiari buruzko PREST-GARA programan parte hartzeko epea
NanoGUNEk nanoteknologiari buruzko ikastaro bat eskaintzen die institutoetako zientzia eta teknologia irakasleei Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Prest-Gara programaren baitan. Eskolak 2015eko azaroa eta abendua bitartean izango dira.
Gaur egun, nanoteknologiak materia eskala atomiko eta molekularrean eraldatzea ahalbidetzen du. Baina, zertarako balio du? Zer dakigu egiten dagoeneko eta zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Ikastaro honetan nanoteknologiaren inguruan lan egiten duten ikerlarien eta enpresen eguneroko eginkizuna gerturatu nahi diegu irakasleei. Hauek dira helburu nagusiak: nanoteknologiaren oinarrizko kontzeptuak ulertzea, marko teorikoa eta oinarrizko erremintak azaltzea, azken aurrerapenak aurkeztea, zientzialarien eguneroko lana ezagutzera ematea eta ikerketa, hezkuntza, enpresa eta gizartearen arteko elkarrekintza azpimarratzea.
2015-2016 ikasturterako izen emateko epea irailaren 7tik 25era egongo da irekita. Eskolak azaroaren 3an hasiko dira eta astearte eta ostegunetan (17:30-20:00) izango dira, abenduaren 3an amaituz. Eskola hauetan gaian adituak diren hizlariek hartuko dute parte, hala nola, nanoGUNE eta DIPCko lehendakari den Pedro Miguel Etxenike, nanoGUNEko zuzendari Jose Maria Pitarke, nanoBasque agentziako arduradun Amaia Martinez eta nanoGUNE eta DIPCko beste ikerlari eta teknikari batzuk.
PREST-GARA programaren inguruko informazio guztia beraien webgunean aurkituko duzu.