Komikia, nanobotereak garatzeko
2016ean "Dayanne y Murillo. Nanozientziaren indarra" aurkeztu ondoren, nanoKOMIK 2017 proiektua aurkeztu dugu Donostia International Physics Center (DIPC)-arekin batera antolatua, eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) - Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren laguntzarekin, nanofikziozko komiki parte-hartzaile bat sortzeko asmoz.
Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzea eta gazteen sormena piztea du helburu proiektuak. Horretarako, 2017ko nanoKOMIK erronka jarri da martxan. Desafioa, “nanoboteredun” superheroi bati buruzko istorio grafikoa sortzean datza, alegia, nanozientziari eta nanoteknologiari esker gaitasun bereziak bereganatzen dituen pertsonaia bati buruzko komikia.
2017ko edizioan, erronkak bi adin-kategoria izango ditu: 14-18 urtekoa eta 18 urtetik gorakoa. Erronkan aurkezten diren istorioek nanoboterearen oinarri zientifikoak izan beharko ditu abiapuntu bezala, eta haren erabilgarritasuna islatu. Horretarako, www.nanokomik.com webgunean informazio ugari eta bideo-sorta bat izango dute eskuragarri parte-hartzaileek;alde batetik, materiak nanoeskalan dituen propietate harrigarriak zientzialariek beraiek azalduta; bestetik, marrazkilari batek komikiak egiteko gakoak erakutsiko dizkie pausoz pauso. Lanak webgunean bertan aurkeztuko dira ekainaren 11ra arte.
Bigarren fasean, helduen kategoriako irabazleak nanofikziozko komiki parte-hartzailea egiteko aukera izango du, gazteek erronkan sortutako istorio originaletan eta ideia berritzaileetan oinarrituz. Berriztapen honekin proiektuaren izaera parte-hartzailea nabarmendu nahi da, komikilari berrien lana ezagutzera ematearekin batera.
Zientzia- eta komiki-tailerrak, eta mintegia
Hurrengo hilabeteetan, hainbat zientzia- eta komiki-tailer antolatuko dira Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen. Bi motatako tailerrak izango dira:14-18 urteko gazteentzat (Euskal Herrian, eskoletan bertan egingo dira, maiatza hasieran), eta DBH eta Batxilergoko zientzia- eta arte-irakasleentzat, apirilaren 4an Donostian, proiektuak ikasgeletara heltzeko aukera izan dezan. Zientzialari eta marrazkilari batek bideratutako tailerretan, alderdi zientifikoa eta artistikoa uztartuko dira. Eskoletan egingo diren tailerretan eta irakasleen tailerrean parte hartzeko www.nanokomik.com webgunean izen ematea beharrezkoa da.
Halaber, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatean “nanozientzia komikirako inspirazio-iturri gisa” mintegia antolatu da artista gazteei ere gonbidapena luzatzeko asmoz.