NanoGUNE, txikiaren erronka handia
CIC nanoGUNE ikerketa-zentroaren sorrera eta garapena hasiera-hasieratik biltzen dituen "NanoGUNE, txikiaren xarma" liburua aurkeztu berri da gaur goizean nanoGUNEn. Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean puntako ikerketa nola egiten den gizarteratzea da liburuaren jomuga. “Txikiaren erronka handia” egunetik egunera nola mamitzen da? Nola gauza daiteke proiektu zinez berritzaile eta ausart bat? Galdera horri erantzuten dio kontakizun honek.
“NanoGUNEk bere tokia egitea lortu du nazioarteko zientziaren amaraunean. 2009an, nanoGUNE inauguratu zenean, erronka handia izan genuen gure aurrean, eta egun harro gaude erronka hori gauzatzen ari delako”, adierazi du Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusiak.
“Prozesu horretan guztian partaide edota eragile izan diren ikertzaile, teknikari eta bestelako profesionalen testigantzak jaso dira liburuan, bakoitzak bere jarduera eta esperientziatik, ñabarduraz jositako istorioa ehunduz eta, aldi berean, gaur egun nanoGUNE den errealitate sendoaren erretratua marraztuz”, dio Elixabete Garmendia liburuaren idazleak.
Halaber, “zientziaren amarauna ulertzeko gako batzuk ematen ditu. Esaterako ikerketa etiko eta arduratsua planteatuz eta halako proiektu publiko batek gizartearekiko daukan zorra aitortuz”, gehitu du Garmendiak.
“Dibulgazio liburu bat da —azpimarratu dute— ikerketaren egunerokoari atxikia, zientziaren mundu urrun eta ulergaitza eskura jartzen duena”. Lehenengo eta behin euskaraz argitaratu da liburua, ondoren gaztelaniara eta ingelesera itzultzeko asmoarekin.
Liburua salgai dago, besteak beste, Elkar-en: https://www.elkar.eus/eu/liburu_fitxa/nanogune-txikiaren-xarma/garmendia-lasa-elixabete/9788409264117