NanoGUNE, txikiaren erronka handia, baita gaztelaniaz eta ingelesez ere

CIC nanoGUNE ikerketa-zentroaren sorrera eta garapena hasiera-hasieratik biltzen dituen “NanoGUNE, txikiaren xarma” liburua aurkeztu zen  iazko urtarrilean. Urtebeteko ibilbide oparoaren ondoren, liburua gaztelaniara (NanoGUNE, el encanto de lo pequeño) eta ingelesera (NanoGUNE, the charm of the small)  itzuli da eta edonorentzat eskuragarri dago orain.

NanoGUNE txikiaren xarma

Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean puntako ikerketa nola egiten den gizarteratzea da liburuaren jomuga. “Txikiaren erronka handia” egunetik egunera nola mamitzen da? Nola gauza daiteke proiektu zinez berritzaile eta ausart bat? Galdera horri erantzuten dio Elixabete Garmendia kazetariak idazkera biziz idatzitako kontakizunak. Kontakizun hori euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakurtzeko aukera dago orain.

NanoGUNEk bere tokia egitea lortu du nazioarteko zientziaren amaraunean eta prozesu horretan guztian partaide edota eragile izan diren ikertzaile, teknikari eta bestelako profesionalen testigantzak jaso dira liburuan, bakoitzak bere jarduera eta esperientziatik, ñabarduraz jositako istorioa ehunduz eta, aldi berean, gaur egun nanoGUNE den errealitate sendoaren erretratua marraztuz.

Zientziaren mundu urrun eta ulergaitza edonoren eskura jartzen duen dibulgazio liburu bat da, eta euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez dago eskuragarri. Interesa duen edonork lotura honetan https://www.elkar.eus/en/bilaketa/nanogune?bilaketa_orokorra_saila=&bilaketa_terminoa=nanogune eros dezake liburua.