CIC nanoGUNEk eta BIC Gipuzkoak lankidetza sendotu dute nanoteknologiaren eragin sozial eta ekonomikoa handitzeko

CIC nanoGUNEk eta BIC Gipuzkoak azken lau urteetako bien arteko lankidetzaren emaitzak aztertu dituzte gaur goizean nanoGUNEn. Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak berrikuntza-proiektu berriak eta enpresa berriak sortzeko balorizazio-programaren arrakasta nabarmendu dute, eta, bi erakundeek elkarrekin garatutako lau proiektuei dagokienez, uste dute sektore biomedikora aplikatutako nanoteknologiek eragin ekonomiko eta sozial handia izango dutela.

CIC nanoGUNE eta BIC Gipuzkoa

BIC Gipuzkoak oinarri zientifiko eta teknologikoko proiektuak eta enpresak bilatzen eta eratzen dihardu Gipuzkoan. Horretarako, “funtsezkoa da nanoGUNE bezalako zentroetan garatzen ari diren teknologiei tira egitea, helburu hori lortzeko behar duten azken bultzada emateko, azaldu du Marisa Arriola Gipuzkoa BICeko zuzendari kudeatzaileak.

BIC Gipuzkoaren balorizazio-programa garapen- eta transferentzia-plan bat garatzean datza, eta horretarako egiten den analisian bezero edo inbertitzaile espezializatu batek kontuan hartuko lituzkeen faktore guztiak kontuan hartzen dira; proiektu eta ekimen horiek guztiak ustiatzeko estrategia bat identifikatzeko modua da. Lankidetza honen azken helburua da oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak sortzea edo patente-lizentziak lortzea, hirugarren batek nanoGUNEren eta antzeko zentroen jabetza intelektualaren aktiboak ustia ditzan. Oso lehia handiko programa da, eta nanoGUNEk lau aldiz lortu du parte hartzea programa 2018an martxan jarri zenetik.

Bestalde, “nanoGUNEk laguntza bilatzen du BIC Gipuzkoa bezalako erakundeetan, bere ekimenen bideragarritasuna aztertzeko eta orientazioa eta aholkularitza jasotzeko, gure proiektuak arrakastatsu izan daitezen. Hala, lehentasuna ematen diegu ustiapen-estrategiei, eta, horiekin batera, barne-ahaleginei”, adierazi du Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak. “Guretzat tresna ezin hobea da teknologia-transferentzia errazteko”, erantsi du Pitarkek.

Nanoteknologiak erronka biomedikoetarako

Bi erakundeen arteko lankidetzaren ondorioz, teknologia batzuk patenteen bidez babestea lortu dute. Batetik, jaioberrientzat seguruagoa den erditze-prozesua ahalbidetzen duen teknologia bat garatu da. Kasu honetan, Europako patente baterako eskaera aurkeztu zen Biodonostiarekin batera teknologia txit berritzaile hori babesteko; izan ere, nazioarteko enpresa bioteknologiko batzuek interesa erakutsi dute hartan inbertitzeko.

Bestalde, azterketa bat egin zen ikusteko zer sektoretan eta nola ustia daitekeen Novaspider, nanozuntzak eta mikrozuntzak baliatzen dituen 3D-ko fabrikazio aditiboko ekipo bat. Azterketaren ondorioz, osasun-sektorea lehenetsi zen, eta arlo horretara bideratu zen estrategia. Hori dela eta, CardioPrint proiektuan parte hartzen du orain nanoGUNEk Novaspiderrekin, biofabrikazioaren arloan aurrera egiteko, gailu berritzaile bat garatuz gai dena giza ehun bioartifizlalak —esate baterako, miokardio-ehuna— sekula baino zehaztasun handiagoz sortzeko.

Hirugarren balorizazio-azterketak —oraingoan, edizio genetikorako CRISPR teknologiari buruzkoa— zenbait generen mutazioei loturiko alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) identifikatu zuen aplikazio-eremu posible gisa. Izan ere, ELA eragiten duten geneak aldatzeko estrategia da gaitz hori tratatzeko itxaropen-iturri handienetako bat. Edizio genetikorako CRISPR teknologiak estrategia horri heltzeko tresnak eskaintzen ditu. Guraize molekularren gisara, CRISPR teknologia gai da material genetikoaren zatiak ebaki eta itsasteko edozein zelulatan. Teknologia hori ere babestuta dago patente-eskaera bati esker.

Amaitu berri den azken proiektu batek aztertu du zer eremutan aplika litekeen parametro fisiologikoak in vitro monitorizatzeko metodo bat. Alzheimerra diagnostikatzeko eremuan aplikatzeko aukerak aztertu ditu batik bat analisiak, uste baita oso baliagarri izan daitekeela eremu horretan.