CIC nanoGUNEk Nano-Istorioen lehiaketa antolatu du lehen aldiz
CIC nanoGUNEk Nano-Istorioen lehiaketa antolatu du lehen aldiz, “10alamenos9” Nanozientzia eta Nanoteknologia Jaialdiaren VII. Edizioaren baitan. Lehiaketa honen helburua da hezkuntza-komunitatean eskala nanometrikoan mundua ezagutzeko interesa sustatzea, nanomundua deritzona, nahiz eta txikia izan, oso anitza eta interesgarria baita.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleei, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren gazteei eta munduko edozein tokitako gazte euskaldunei zuzenduta dago lehiaketa; 2021/12/31n 14 eta 17 urte bitarteko gazteak badira bederen. Parte-hartzaileek, beraz, honako hezkuntza-maila hauetako batean jardungo dute: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, Batxilergoko 1. eta 2. mailak, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa.
Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkez dezake. Nanoistorioek 200 hitz izanen dituzte gehienez, eta euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztuko dira. Abentura-kontakizunak, zientzia-fikzioa, fantasia, kontakizun soziala eta abar izan daitezke. Beste mota bateko lanak ere aurkez daitezke, hala nola olerkiak edo abestien letrak. Baldintza nagusia da aurkeztutako lanak nanozientziarekin eta nanoteknologiarekin zerikusia izatea.
Lehiaketak bi fase ditu. Lehenengoa Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiona da, eta saria bi lagunentzako pack bat izango da, Eureka! Zientzia Museoaz gozatzeko. Ikastetxearen bidez izena eman badute, 2022-2023 ikasturtean nanoGUNE bisitatzeko aukera ere emango zaie. Bigarren fasea nazioartekoa da: egoitza bakoitzeko kontakizun saridunak lehiatuko dira, eta azken saria tablet bat izango da.
Parte-hartzaileek 2022ko maiatzaren 20a, ostirala, baino lehen bidali beharko dituzte beren lanak.
Informazio guztia eta lehiaketaren oinarri guztiak zentroaren web orrian daude: https://www.nanogune.eu/eu/event/nanozientzia-eta-nanoteknologiaren-vii-jaialdia-lehiaketa