Egitura biologiko konplexuen inprimatzea aplikazio medikoetarako
Giza ehunak eta organoak birsortzeko behar den zehaztasunarekin eta konplexutasunarekin sortzeko tresna bat medikuen eta ikertzaileen eskura jartzeko elkarlanean dihardute CIC nanoGUNE eta POLYMAT ikerketa-zentroek eta Indart3D, 3D inprimatze-enpresak. NANOPRINT BIO proiektua ikerketa-zentroen eta enpresen arteko lankidetzatik sortu da, eta Eusko Jaurlaritzaren Hazitek 2023 I+Grako laguntza-programaren babesa du.
Gero eta bizi-itxaropen handiagoa duen gizartean, kaltetutako edo gaixorik dauden ehunak eta organoak konpontzeko edo ordezkatzeko irtenbideak garatu nahi ditu ehunen ingeniaritzak, ikuspegi pertsonalizatuarekin, paziente bakoitzaren beharretara egokitutako tratamendu espezifikoak eskaintzeko. Ehunen ingeniaritzak duen promesa handienetako bat da ehun eta organo funtzionalak sortzea pazientearen beraren zeluletatik abiatuta gaur egun sendaezinak diren gaixotasunei irtenbidea emateko.
NANOPRINT BIOk beste urrats bat eman dezake norabide horretan bioinprimatze- eta nanofabrikazio-teknologia aurreratuen konbinazioari esker. “Garatu nahi dugun plataformak teknologia aurreratuak konbinatuko ditu aplikazio biomedikoetan erabiltzeko ezaugarri mekaniko eta biologiko egokiak dituzten egitura biologiko konplexuen ekoizpenean zehaztasun handia lortzeko”, azaldu du Javier Latasak, proiektuaren arduradunak nanoGUNEn.
“Prozesuak bi fase ditu eta makina bera arduratzen da biez: lehenik, aldamioa —oinarria— inprimatzen edo lortzen da. Oinarria zuntzezko egitura bat da, ehunari sendotasuna ematen diona eta, aldi berean, nahi den ehunaren antzeko propietate mekanikoak eskaintzen dituena. Ondoren, oinarri horren gainean zelula ametan oinarritutako hidrogel bat gehitzen da, egitura-doitasun paregabea izango duen ehun funtzional bat garatzeko”, gehitu du Javier Latasak.
Gainera, “proiektuan —dio Latasak— garatuko den tresna sinplea izango da, medikuek edo ikertzaileek zuzenean erabiltzeko modukoa, alegia. Horri esker, ehunak sortu ahal izango dituzte azterketa pertsonalizatuak egiteko eta paziente bakoitzak botika eta terapia jakin batzuei nola erantzungo dien ebaluatzeko”.
Proiektuan parte hartzen duten hiru erakundeek diote “tresna berritzaile honek giza ehunen biofabrikazioa iraultzeko, eta, oro har, paziente askoren bizi-kalitatea hobetzeko ahalmena duela. Izan ere, ehunen ezaugarriak zehatzago erreproduzitzeko aukera ematen du”. Hau da, “esan genezake gero eta hurbilago gaudela ehun errealak sortzeko bidean”, dio Javier Latasak.