Ekipamendu zientifiko berria eskuratu da Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren esparruan
Eusko Jaurlaritzako eta BRTA aliantzako —Basque Research and Technology Alliance— teknologia- eta ikerketa-zentroetako ordezkariek nanoGUNEko laborategiak bisitatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren finantzaketari esker erositako ekipamendu berriak bertatik bertara ezagutzeko.
Txema Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusiak ordezkariei harrera egin eta ekipamendu berriak kokatzen diren laborategietan barna egindako bisitan gidatu ditu. Bertaratuak, besteak beste, hauek izan dira: Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua, Alberto Fernández González Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria, Estibaliz Hernáez-Laviña Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea eta Rikardo Bueno BRTAko zuzendaria.
Bisitan zehar, Txema Pitarke nanoGUNEko zuzendariak azpimarratu du nanozientziako eta nanoteknologiako euskal zentroak abangoardiako ikerketa- eta ekoizpen-sektorea lotzeko konpromisoa duela. NanoGUNEk bide hori arrakastaz egin du hasieratik, eta funtsezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomikoari laguntzeko. Hori dela eta, azpimarratu du nanoGUNE egunero ari dela lanean bere taldearen ezagutza eta azpiegiturak Euskadiko eta nazioarteko enpresen I+Gko prozesuen zerbitzura jartzeko.
Ordezkaritzak nanoGUNEko areto zuria —nanofabrikaziorako erabiltzen dena— bisitatu du, hantxe baitago ekipamendu berrietako bat: fotolitografiarako maskara-lerrokagailu bat (Mask Aligner), nanogailuak fabrikatzeko prozesuetan erabiltzen dena. Ondoren, karakterizazio fisiko aurreratuko laborategira jo dute, eta gertutik ezagutu dute propietate fisikoak neurtzeko ekipamendua (PPMS), nanoGUNEren langai diren gailu nanometrikoen propietateak aztertzeko erabiltzen dena. Eta, azkenik, indar atomikoko mikroskopio berria (AFM) bisitatu dute; ekipamendu hori zenbait material aurreraturen propietate nanoskopikoak neurtzeko erabiltzen da.
Bisita nanoGUNEko Mikroskopia Elektronikoko laborategietan amaitu da. Plataforma berezi horrek nanofabrikazioko eta karakterizazio aurreratuko tekniken multzo paregabe bat eskaintzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko komunitate zientifiko eta teknologikoari, oso espezializatuta dagoen talde baten eskutik. Taldeak, gainera, Cryo-FIB ekipamendu berria (Zientzia Ministerioak finantzatua) bisitatu du. Duela gutxi instalatu da, eta, hura baliatuz, nanoGUNEk lagin biologikoetarako eta baterietarako bi ikerketa-lerro berri irekiko ditu.
Azpitek programa
Azpitek programak babesa ematen du egiten diren ikerketetan urrats bat harago joateko behar diren azpiegitura eta ekipamendu zientifiko-teknikoak eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko. Horrela, baliabide gehiagoz hornitzen ditu BRTAko ikerketa-zentroak, haien kalitatea eta bikaintasuna areagotu ditzaten, eta, horrela, emaitza hobeak lortzeaz gain, Euskadin eragin zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta sozial nabarmena izan dezaten.
Programa horren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura zientifiko eta teknologikoak indartzea eta I+G+Bko jarduera bultzatzea, bai eta haren emaitzak ZTBP 2030en esparruetan baliozkotzea eta frogatzea ere, era horretan sostengua emanez gaur egun gauzatzen ari garen hiru trantsizioetan: teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta sanitario-soziala.
2021ean sortutako programak, dagoeneko, 51 azpiegitura zientifiko-teknologiko indartzea lortu du.