Hardware kuantikoaren garapena CIC nanoGUNEren baitan
Nanozientzia eta nanoteknologia ikertzen dituen euskal zentroak talde berria jarriko du martxan hardware kuantikoa garatzeko.
NanoGUNEren egoitzan eraikiko den dorre berrian kokatuko dira sortzear dagoen ikerketa-taldearen laborategiak nahiz teknologia kuantikoetako scale-up enpresa aintzindaria.
NanoGUNEk erdieroaleen teknologian oinarrituriko txipak garatuko ditu Donostian ordenagailu kuantikoak eraikitzeko asmoz.
CIC nanoGUNEk, nanozientzia kuantikoaren arloan duen jarduera indartzeko asmoz, ikerketa-talde berria sortu du eta lankidetza-hitzarmena sinatu du Quantum Motion scale-up enpresa britainiarrarekin, hardware kuantikoaren garapenean aitzindaria. NanoGUNEren egoitzan eraikiko den dorre berri batean —The Quantum Tower— kokatuko dira talde berriaren laborategiak nahiz Quantum Motion enpresa.
Teknologia kuantikoetako ikerketa-talde berriaren helburua hauxe da: ordenagailu kuantikoak diseinatzea eta garatzea, erronka konputazional erraldoiei heldu ahal izateko, hala nola sendagai berrien diseinua edo material jasangarri berrien ekoizpena. Ikerketa-talde honen sorrerak agerian jartzen du nanoGUNE teknologia iraultzaile hauen alde egiten ari den apustu garbia, teknologia horiek gizartean eta tokiko ekosisteman eragin handia izango dutelakoan.
Izan ere, nanoGUNE ikerketa-zentroak silizioaren teknologian oinarrituriko txip kuantikoen garapenari ekingo dio, silizioaren manufaktura-azpiegitura oso garatua baitago, teknologia hori bera erabiltzen delarik ohiko ordenagailuen, telefono adimendunen eta autoen mikroprozesadoreetan. NanoGUNEn garatuko den silizioaren teknologia kuantiko berria etorkizun handiko teknologia da, silizioaren egungo industriaren garapen, gaitasun eta ezagutzari etekina aterako baitio. Teknologia hori, gainera, onuragarria da miniaturizaziorako, bit kuantiko (edo qubit) bakoitzak nanometro (milimetro baten milioirena) gutxi batzuk baititu. Konputazio kuantikoaren ahalmen ikaragarria silizioaren sinpletasunarekin biltzeak etorkizun handiko aukera dakar teknologia kuantikoak gauzatzeko.
Teknologia kuantikoen ikerketa-talde berriaren buru Fernando Gonzalez-Zalba fisikari nafarra izango da. Fernando Gonzalez-Zalba une honetan Quantum Motion-eko kuantikako ikertzaile nagusia da eta nazioartean ezaguna da konputazio kuantikoaren arloan; izan ere, qubit erdieroaleentzako irakurketa-teknika aurreratuenak frogatu dituztenen artean dago. Hainbat ikerketa-lan argitaratu ditu ikerketa-aldizkari onenetan, hala nola Nature eta Physical Review aldizkarietan, eta Ikerbasque Research Professor gisa hasiko da nanoGUNEn bere ikerketa-ibilbide oparoari jarraipena emateko.
Ikerketa-talde berria nanoGUNEren egoitzako dorre berrian kokatuko da, eta, hala, egoitzak 1.500 m2 gehiago izango ditu, zazpi solairutan banatuta, nanozientzia eta nanoteknologiako zentroak teknologia kuantikoen alde egindako apustuaren erakusgarri. Quantum Motion scale-up enpresak ere ikertzaile berriak jarriko ditu lanean dorre berrian, nanoGUNEko hardware kuantikoaren ikerketa-taldearekin batera lan egiteko asmoz. Horrela, nanoGUNEn bertan egungo nahiz etorkizuneko txip kuantikoak disenaitu, garatu eta merkaturatuko dira.