Integra Therapeuticsek CIC nanoGUNEren CRISPR-Cas teknologia ustiatuko du

CIC nanoGUNEk lizentzia-akordio bat itxi du Integra Therapeuticsekin –azken belaunaldiko idazkera genetikoan erreferentea den konpainia bioteknologikoa–. Horrela, nanoGUNEren jabetza intelektuala duen teknologia bat ustiatzeko eskubide esklusiboak transferitzen dira. Lizentzia horri esker, antzinako CRISPR-Cas teknologia ustiatu ahal izango da. Egin diren lehenengo ikerketen arabera, teknologia hori gaur egun dauden aldaerak baino askoz ere moldakorragoa da.

CIC nanoGUNE

CRISPR-Cas teknologiak aukera ematen du, gaur egun, edozein zelulatan material genetikoaren zatiak moztu eta itsasteko, eta, horri esker, DNA editatzeko erabil daiteke. nanoGUNEk patentatutako teknologiak, hain zuzen ere, duela 2.600 milioi urteko CAS entzimen bidezko ebaketa-metodo hori babesten du; entzima horiek iraganeko CRISPR sekuentzien berreraikitze informatiko batetik abiatuta sintetizatuta daude. Integra Therapeuticsek teknologia hori ustiatzeko eskubide esklusiboa du orain esku artean. Hala, era askotako mozte-metodo eta aplikaziotan erabili ahal izango du.

Antzinako CRISPR-Casen berpiztearekin lotutako ikerketa-proiektuaren emaitzak berriki argitaratu dira Nature Microbiology aldizkari zientifiko ospetsuan. Ikerketa Ikerbasqueko Raul Pérez-Jimenez ikertzaileak zuzendu du nanoGUNEtik, eta estatuko eta nazioarteko zenbait zentrotako ikertzaileek parte hartu dute. Ikerketak iradokitzen du berreraikitako sistemek funtzionatzen dutela, eta, gainera, egungo bertsioak baino moldakorragoak direnez, medikuntzan aplikazio iraultzaileak izateko aukera zabaltzen dutela. Horrela, frogatu ahal izan da antzinako entzima horiek bide berriak irekitzen dituztela DNA manipulatzeko eta gaixotasun genetikoak edo minbizia tratatzeko, besteak beste, bai eta gaixotasunak diagnostikatzeko tresna gisa ere.

“Integrarekin egindako akordioa mugarri garrantzitsua da gure laborategietan garatutako teknologia transferitzeko prozesuan. Orain, konpainia espainiar batek ezarri eta ustiatuko du. Konpainia horrek atzerriko inbertsio handia du, eta, horrela, nazioarteko erreferentzia bat sortuko da, ez soilik zientzian, baita haren ustiapen-prozesuan ere, edizio genetikoa den bezain eremu disruptiboan”, adierazi du Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren arduradunak.