Master ikasleentzako deialdi berria zabaldu du CIC nanoGUNEk

CIC nanoGUNEk 2022ko Master Beken eskaintza ireki du Fisika, Kimika, Biologia, Materialen Zientzia eta Nanozientzia arloeetako ikasleei beren Master Tesia nanooptikaren, bioingeniaritzaren, fenomeno elektronikoen eta magnetismoaren, eta nanomaterialen arloetan garatzeko aukera eskainiz.

Becas

Donostiako nanozientziako ikerketa-zentro kooperatiboak, nanoGUNEk, lau beka eskaintzen ditu bere 10 ikerketa-taldeetako batean master-proiektu bat egiteko. Halaber, prestakuntza zientifiko zorrotza, gainbegiratze estua, aldizkako mintegiak eta zientzia-solasaldiak, eta instalazio eta laborategietarako sarbidea eskainiko ditu.

José M. Pitarkek dioenez, "oso motibatuta dauden ikasleak dira gure hautagai aproposak, beren ikasketak master-titulazio batekin osatzeko asmoa dutenak eta, gainera, ondoren gure ikerketa-zentroan doktore-tesi bat egin nahi dutenak. Ikerketa-giro gaztea, nazioartekoa eta diziplina anitzekoa sustatu nahi dugu, ikerketa lehiakorra eginez".

Ikasleek master ofizial batean izena emanda egon behar dute. Deialdia 2022ko ekainaren 30era arte egongo da irekita, eta ebazpena 2022ko uztailaren 31 baino lehen jakinaraziko da.

Nanoguneren webgunean (https://www.nanogune.eu/en/training/training/master-projects) dago master ikasleentzako deialdiari buruzko informazio guztia.