MYRUNS euskal enpresa teknologikoa Evolgene Genomics bioteknologikoaren bazkide nagusi bihurtu da
MYRUNS ENGINEERING SPORTS, SL (MYRUNS) euskal enpresak nanoGUNE ikerketa zentroaren 'Evolgene Genomics ' spinoff-aren %80 eskuratu du. MYRUNS-ek irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa (RFID, ingelesezko sigletatik) garatzen du enpresen eraldaketa digitala gauzatzeko. Xabier García Roldán da MYRUNS-en sortzaile eta akziodun nagusia.
Erosketa honekin, MYRUNS enpresa Evolgene Genomics-en bazkide nagusia bilakatzen da, biomasen tratamenduan, balio erantsi handiko biomaterialetan eta energia garbien ekoizpenerako belaunaldi berriko bioerregaietan ere aurrera egiteko helburuarekin. "Evolgene Genomics-ek antzinako entzimen zorroa du dagoeneko, eta hainbat enpresak erakutsi dute teknologiarekiko interesa", esan du García Roldánek.
Evolgene Genomics antzinako sekuentzien (ASR) berreraikuntzan espezializatuta dago, antzinako zelulasak eta xilanasak erabiliz aparteko propietateak dituzten entzimak sortzeko.
Lankidetza
Txema Pitarkek zuzentzen duen nanoGUNE euskal ikerketa zentroak, duela urte batzuk, garapen teknologiko bati ekin zion bere spin-off Evolgene Genomics eta MYRUNS enpresekin elkarlanean. Garapen horrek sei patente ekarri ditu, RFID etiketetan tinta eroale berritzaileak erabiltzea ahalbidetuko dutenak. Produktuak identifikatzeko sistema honek irrati-uhinak erabiltzen ditu datuak biltegiratzeko ahalmen handia duen mikrotxipa batekin komunikatzeko.
Honela, lankidetza horri esker, oso teknologia disruptiboa garatu da, arrakasta zientifiko eta teknologiko handia duena eta egundaino lortu ez dena: metalak tinta eroale batekin ordezkatzea.
Borja Fernández-d 'Arlas, Xabier García Roldán eta Raúl Pérez-Jiménez ikertzaileek, Daniel Simo, Evolgeneko CEOa buru zutela, teknologia berria garatu zuten materialen zientzia eta antzinako entzimen sekuentzien berreraikuntza konbinatuz.
“Garapenaren balio teknologikoa eta ekonomikoa hain da handia, non enpresa-esparru oso ezberdinetan erabil baitaiteke, hala nola elektronikan, energian, farmazian eta kosmetikan”, Xabier García Roldánek azaldu duenez. “Horixe da gure apustua datozen urteetarako”, gehitu du MYRUNSeko buruak.