Nanozientzia kuantikoa, nanomaterialak eta nanomedikuntza CIC nanoGUNEren udako praktika-programaren ardatz
CIC nanoGUNEk Udako Praktika Programan parte hartzeko urteroko deialdia zabaldu berri du. Programa honen bitartez, nanoGUNEk aukera paregabea eskaintzen die unibertsitateko ikasleei puntako ikerketa-zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko.
Programa honen baitan, Fisikako, Kimikako, Biologiako eta Ingeniaritzako 3. eta 4. mailako unibertsitateko hamar ikasleri gutxienez bi hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango zaie. Unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera arituko dira ikerketa-proiektuetan honako arlo hauetan: nanozientzia kuantikoa, nanomaterialak eta nanomedikuntza.
Interesdunek otsailaren 11a baino lehen nanoGUNEren webgunean egin beharko dute programa honetan parte hartzeko eskaera. NanoGUNEren webgunean bertan (www.nanogune.eu) aurki dezakete ikasleek deialdiari buruzko informazio xehea.