Winter School, ezagutu CIC nanoGUNEko eguneroko bizimodua
CIC nanoGUNEren Winter School-aren laugarren edizioak ikertzaileen egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die 25 ikasleri. Hiru egunez, asteazkenetik (hilak 8) otsailaren 10era (ostirala), ikasle-talde horrek nanoGUNE bezalako ikerketa-zentro bateko eguneroko bizimodua ezagutzeko aukera izango du —nanoGUNE María de Maeztu Bikaintasun Unitatea da, Espainako Ikerketa Agentziak hala aitortuta—.
Doktore-tesia egiten jarraitzeko aukera aztertzen ari diren fisika, kimika, biologia eta ingeniaritza graduko ikasleei zuzenduta dago Winter School 2023. Neguko eskolan parte hartzen duten ikasleek hiltzaldi akademikoak, zeharkako trebetasunetan trebatzeko saioak eta laborategiko praktikak ikerketa-zentroko laborategi ezberdinetan izango dituzte.
200 eskari baino gehiago jaso dira eta horietatik 25 ikasle aukeratu dira, gehienak Estatuko unibertsitateetatik datoz. Taldea nanozientziako ikerketaren alderdi berritzaileenetan trebatuko da, batez ere, nanoeskalako optikaren, nanobioingeniaritzaren, nanomagnetismoaren eta nanoelekronikaren, nanomaterialen eta teknologia kuantikoen arloetan.
Esperientzia honen asmoa da eguneroko bizimodua aurkeztea benetako ikerketa-laborategi batean, eta etorkizunari buruzko erabakia hartzen laguntzea. Ikasleek ondo baloratzen dituzte horrelako esperientziak. Izan ere, beren antzeko ikasketak dituzten pertsonek zertan diharduten aurrez aurre ikusteko aukera izan dute. Halaber, ikasleak bat datoz honetan: “nanoGUNEk eskainitako aukerari esker, hobeto ikusi eta ulertu ahal izan dugu zertarako balio duen ikasgeletan hein handi batean modu teorikoan jasotzen dugun ezagutzak”.