NanoGUNEn egin dute urteko bilera Fellows Gipuzkoa programako ikertzaileek
Gipuzkoan talentua erakarri eta atxikitzeko Fellows deialdia zabalik dago, martxoaren 30a arte.
Fellows Gipuzkoa programaren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten ikertzaileak, nazioarteko ikerketa-talde garrantzitsuetan lanean ari direnak, Gipuzkoako ikerketa-taldeetara ekartzea, horrela horien maila zientifikoa handitzeko. 2020an, Foru Aldundiak programaren diru-hornidura mantenduko du, aurreko deialdian programa horretara bildu ziren ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzeko. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 30ean bukatuko da.
Gaur egun, 10 ikertzailek garatzen dituzte beren proiektuak Fellows-en laguntzarekin. Zehazki, nanoGUNEn daude Adriá Gil eta Beatriz Martín García ikertzaileak proiektu ezberdinak garatzen; aplikazio medikoetarako material berrien diseinu konputazionalean zein gailu optoelektronikoetarako material berrien garapenean dihardute. Aplikazio medikoetarako konplexu metalikoen eta polioxometalato bioaktiboen diseinu konputazionalean lan egiten du Adría Gilek nanoGUNEko Teoria ikerketa-taldean. Beatriz Martínek, berriz, Nanogailuak ikerketa-taldean egiten du lan. “Gailu optoelektronikoetarako (hala nola LEDak, modulatzaile elektrooptikoak edo fotodetektagailuak) bi dimentsioko material berriak garatzera bideratuta dago proiektua”, dio Beatriz Martínek. “Zehazki, helburu nagusia da bi dimentsioko materialen propietate optikoak hobetzea eta modulatzea, aldaketa kimikoaren bidez edo kanpoko estimuluak aplikatuz. Helburua konponbide berriak bilatzea da, gure inguruko gailu teknologikoen eraginkortasuna, erantzun-abiadura eta sentikortasuna hobetzeko", erantsi du. “Fellows Gipuzkoa programak hiru ikerketa-lerro modu independentean hasteko aukera ematen dit, nanoGUNE bezalako ikerketa-zentro batean”, dio Adriá Gilek. Halaber, azpimarratu du programa oso garrantzitsua dela postu apropos batean kokatzeko eta nire karrera zientifikoarekin jarraitzeko; baita ikerketaren arloan lanpostu egonkorrago bat lortzeko hurrengo urratsa emateko ere.Beatrizek azpimarratu duenez, “nazioartean ospe handia duen ikerketa-zentro batean lanean jarraitzeko aukera ematen dit, nire proiektuak garatuz eta maila profesionalean eta pertsonalean hazten jarraitzeko aukera emanez, diziplina anitzeko eta nazioarteko giro batean”.
“NanoGUNE aukeratu nuen, nire esperientziaren eta proposatutako proiektuaren arteko konbinazio bikaina eskaintzen duelako, nazioarteko ingurune aktiboa izanik, non ikaskuntzaren eta nire ezagupenen eta esperientziaren arteko oreka aurki baitaiteke. NanoGUNEn egindako ikerketa nazioartean ezaguna da nanozientziaren arloan, zientzialarien bikaintasunagatik eta haien emaitzengatik, eta eskura dauden laborategi, ekipo/tresneria eta instalazioen kalitateagatik”, amaitu du ikertzaileak.