Nanozientzia eta nanoteknologia jaialdia Bergaran izango da aurten
CIC nanoGUNEk nanozientzia eta nanoteknologia gizartera hurbiltzeko jaialdia koordinatuko du Gipuzkoan hirugarren urtez: 10ALAMENOS9. Aurten, nanoGUNEk eta Bergarako Udalak sinatutako hitzarmen bati esker, Bergarako Laboratorium Museoan antolatuko dira ekintza guztiak. Jaialdia martxoan eta apilean egingo da hainbat hiritan, Zaragoza, Madril, Valentzia, Bartzelona eta Donostia.
10ALaMenos9 nanozientzia eta nanoteknologiari buruzko jaialdiaren helburua da eskala nanometrikoa eta haren eraginak adin guztietako publikoari hurbiltzea modu erraz batean. Horretarako antolatutako ekintza ezberdinetan (erakusketa, tailerrak eta hitzaldiak) bisitaria era atsegin eta zirraragarrian sartuko da nanomundu harrigarrian; hau da, txikitasunaren munduan, metro baten mila milioiren baten munduan ( 10-9, 10 ber minus 9). Tamaina hori atomoena eta molekulena baino zertxobait handiagoa da; gure DNAren tamaina da.
Bihar, ostirala, arratsaldeko 18:00tan, aurkeztuko dute jaialdiaren egitaraua Laboratorium Museoan. Aurkezpen-ekitaldian parte hartuko dute nanoGUNEko Luis Hueso Ikerbasque ikertzaileak eta Itziar Otegui komunikazio-arduradunak, eta Bergarako Udaleko Sabino Azkarate eta Maite Agirre Sustapen Ekonomiko eta Turismo eta Kultura eta Ondare batzordeburuak, hurrenez hurren.
Jarraian, Ibilaldi bat nanomunduan barrena erakusketa bisitatzeko aukera izango da nanoGUNEko Luis Huesok gidatuta. Erakusketa honetan nanozientziaren eta nanoteknologiaren egileak, lanabesak eta emaitzak edota artelanak aurkezten dira. “Nanomunduaren begi” bihurtu diren instrumentu harrigarriekin hartutako irudi harrigarriak ikusiz gozatu ahalko dute bertara hurbiltzen direnek. Horrez gain, nanozientziaren eta nanoteknologiaren ikerketan erabiltzen diren tresnetako batzuk zein ikerketa-produktuak, esaterako, grafenoa, ikusteko aukera izango dute.