Piero Brovetto 2015 saria eman diote Nicolò Maccaferriri
Nicolò Maccaferri nanoGUNEko doktoretza aurreko ikertzaileari eman diote Piero Brovetto 2015 saria, “nanomagnetismoaren eta nanooptikaren arloetan egin dituen ekarpenengatik eta, bereziki, nanoegitura magnetiko erresonanteen propietate magnetoplasmonikoak ikertzeagatik”.
Hainbat arlotan, hala nola Materia Kondentsatuaren Fisikan, Fisika Nuklearrean eta Fisika Teorikoan, ekarpen handiak egiteagatik urtean behin ikertzaile gazteei ematen zaizkien sarietako bat eman diote ikertzaileari. Nicolò Maccaferriren iritziz, “ohore handia da, zinez, sari hau jasotzea, aintzat hartzen baitu nanoegitura magnetiko plasmonikoetako efektu berrien aurkikuntzan, bai efektu-mota horien mekanismoaren bai material horiek eguneroko bizitzan aplikatzeko moduaren aurkikuntzan, egin dudan ahalegin guztia”.
“Eskerrak ematen dizkiot nire familiari, beti izan baitut bidelagun. Bereziki, eskerrak eman nahi dizkiot Paolo Vavassoriri, bai nire lana gainbegiratzea onartu zuelako, bai nanoGUNEn egunero egiten dugun ikerketa-lan bikainean laguntzaile eta gidari dudalako. Halaber, eskerrak ematen dizkiet nanoGUNEko zein kanpoko lankide eta kolaboratzaile guztiei. Azkenik, eskerrik asko Andreas Berger eta Txema Pitarke, nanoGUNEn lan egiteko aukera eman baitidazue, eta Eusko Jaurlaritzari nire doktoretza-beka diruz laguntzeagatik", adierazi du Maccaferrik. Hain zuzen ere, ikertzaileak doktoretzaren azken urtea hasi berri du nanoGUNEn, eta interes handiz hartuko ditu magnetismoaren eta optikaren mugan kokatzen den ikerketa-eremu interesgarri horretan sortuko zaizkion erronka berriak.
Piero Brovetto saria
Piero Brovetto (1926-2013) irakaslearen ohoretan antolatzen da saria, eta urtean behin ematen diote Materia Kondentsatuaren Fisikan ekarpen garrantzitsuak egin dituen italiar ikertzaile bati. Brovetto irakaslearen familiak finantzatzen du saria (1.500 €-koa), eta Italiako Fisikako Elkartearen (SIF) Biltzar Nazionalaren hasierako ekitaldian ematen dute. Elkartearen Kontseiluak edo sarietako hautaketa-batzordeak du sariduna hautatzeko ardura.
Piero Brovetto irakaslea (1926-2013) Torinon jaio zen, eta Kimikan lizentziatu zen 1951n eta Fisikan 1952an, Torinoko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalaren hasieran, Oberhauser efektua, izpi kosmikoak eta paritate-urraketa ikertu zituen batez ere, Fisika Nuklearraren Italiar Institutuko (INFN) ikertzaile gisa. Bestalde, Ikerketaren Italiar Kontseiluaren (CNR) eta FIATen diru-laguntza lortu zuen lehenengo azeleragailu nuklearretako bat Italian eraikitzeko. Ondoren, hainbat arlotan jardun zuen ikertzen, bereziki espektroskopia molekularraren eremuan. 1962an, Cagliari Unibertsitatean irakasle titular izendatu zuten, eta, han, Materia Kondentsatuaren Fisikan jardun zuen, batik bat, lumineszentziaren eta supereroankortasunaren fenomenoak aztertzen. Bere lan-ibilbide osoan, ekarpen handiak egin ditu hainbat teknikaren garapenean, hala nola espektroskopia deribatuan eta termolumineszentzia espektralean.