Sir John Pendry, nanozientziaren 2014 Kavli Saria

  • Sir John Pendry Euskal Herriko DIPC eta CIC nanoGUNE ikerketa-zentroetako batzorde zientifikoetako kidea da
  • Kavli Sariak teknologiaren Nobel saritzat jotzen dira

 

Sir John Pendryk, Donostia International Physics Center-eko (DIPC) batzorde zientifikoko kideak eta CIC nanoGUNEko nazioarteko aholku-batzordeko presidenteak Kavli Sari entzutetsua jaso du. Adituek sari hori teknologiaren Nobel saritzat jotzen dute.

Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiak Sir John Pendry fisikari britainiarrari, Londoneko Imperial College-ko zientzialaria eta Royal Society-ko kideari, eman dio nanozientziaren 2014 Kavli Saria, milioi bat eurokoa, Thomas W. Ebbesen eta Stefan W.Hell-ekin batera. Norvegiako akademiak gaur arratsaldean jakinarazi ditu 2014ko saridunak Oslon egin den ekitaldian. Hiru ikertzaileek nanooptikaren alorrean egindako “ekarpen eraldatzaileengatik” jaso dute saria, “mikroskopia optikoaren erresoluzioaren limiteen mugei buruz zeuden ikusmolde zaharkituei aurre egitea lortu baitute”.

Sir John Pendry DIPCko batzorde zientifikoko kidea eta nanoGUNEko nazioarteko aholkubatzordeko presidentea da, eta urteak daramatza bi zentro horietako ikertzaileekin elkarlanean. Fisikari ospetsuak maiz parte hartzen du DIPCk antolatzen dituen dibulgazioekintzetan. Hizlari gonbidatuetako bat izan zen iazko Passion for Knowledge jaialdian, non hitzaldi ireki bat eskaini baitzuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Gainera, Sir John Pendryk sarri parte hartzen du top@DIPC - Zientziarekin solasean topaketetan, maila goreneko zientzialariekin eta EAEko ikasleekin urtero DIPCk antolatzen dituen topaketetan.

Zientzialari britainiarrak ikerketa garrantzitsuak egin ditu fotonikarekin zerikusia duten alorretan. Marconi enpresarekin elkarlanean, Pendryk aparteko ezaugarriak dituzten zenbait “metamaterial” diseinatu eta garatu zituen. Errefrakzio-indizeari buruz egindako lanei esker “ikusezintasunaren geruza” aurrikusi zuen.

 

For further information:
Contact:

Irati Kortabitarte (Prentsa-bulegoa - Elhuyar): 688 860 706
Itziar Otegui (Komunikazio arduraduna - nanoGUNE): 943 574 000
Amaia Arregi (Komunikazio-arduraduna - DIPC): 943 015 893