Udako Praktika Programan izena emateko epea zabalik dago

Udan nanoGUNEn praktikak egin nahi? Oraintxe duzu aukera. Izan ere, aste hontan ireki dugu Udako Praktika Programan izena emateko aukera.

Programa horren bidez, udan hilabete eta erdiz edo bi hilabetez, puntako ikerketa zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen zaie 3. eta 4. mailako Fisikako, Kimikako, Biologiako eta Ingeniaritzako unibertsitateko ikasleei. Izan ere, unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera aritzen dira ikerketa-proiektuetan, hala nola nanomagnetismoaren, nanooptikaren, nanobiomekanikaren, nanomaterialen, nanoirudiaren edo nanoingeniaritzaren arloetan, besteak beste.

Guztira, 14 proiektutan aritzeko aukera izango dute ikasleek eta https://www.nanogune.eu/summer-internship helbidean aurkitu daiteke proiektu horiei buruzko informazio guztia, ordainsaria eta abar.

Interesa dutenek mezu elektroniko bat bidali behar dute, otsailaren 28a baino lehen, webgunean agertzen den helbidera, beren espediente akademikoaren agiriarekin eta curriculum vitaearekin. Hautatzen diren ikasleei martxoaren 11n eta 18an egingo zaie elkarrizketa.