2014 Ludwig-Genzel saria Rainer Hillenbrandi
* 2008az geroztik, nanozientzia ikertzeko euskal zentroa den CIC nanoGUNEko Nanooptika taldeko buru da Hillenbrand
* "Eremu hurbileko espektroskopia infragorriko diseinuagatik eta garapenagatik" eman ,diote saria, eta "metodo espetroskopiko berri horrek natura-zientzietako zenbait alorretan ,duen aplikazioagatik"
* Bi urtez behin ematen da Ludwig-Genzel saria. Materia kondentsatuaren espektroskopiaren alorrari
Donostian, 2014ko uztailaren 16an. NanoGUNE eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaile den Rainer Hillenbrandi eman diote 2014ko Ludwig-Genzel saria, "eremu hurbileko espektroskopia infragorriko diseinuagatik eta garapenagatik, eta metodo espektroskopiko berri horrek natura-zientzietako zenbait alorretan duen”.
2008an, nanoGUNEko proiektuarekin bat egin zuen Hillenbrandek Nanooptika taldeko arduradun eta Ikerbasque ikertzaile gisa. Ondoren, hainbat alorretan aplikatu izan du bere teknika abangoardiako ikerketa egiteko; besteak beste, egoera solidoko oinarrizko fisikan, materialen zientzian, bizitza-zientzian eta nanofotonikan. Aurrerapen nagusien artean, aipatzekoak ditu Fourierren transformatuaren bidezko espektroskopia infragorria (nano-FTIR), non bereizmen espaziala (espektroskopia konbentzionalekoarekin alderatuta) 100 aldiz handiagoa den. Gaur egun, nanomaterialen identifikazio kimikorako, proteinak ikertzeko eta grafenoan oinarritutako nanofotonika garatzeko aplikatzen ditu Hillenbrandek teknika horiek. Sariaren epai-mahaiaren iritziz, gainazalak irudikatzeko teknika iraultzaile horri esker erregimen ikusgarritik mikrouhin-erregimenera arteko neurketa espektralak egin daitezke, orain arte sekula ikusi gabeko bereizmen espazialarekin egin ere. Hillenbranden lanak “izugarri ongi uztartzen ditu ingeniaritzaren trebetasunak eta zenbait alorrekin lotutako arazo zientifikoen ikuspegi sakona, oinarrizko arazoei aurre eginez eta gerora garapen industriala izango duten hainbat aplikazio jorratuz”.
Materia kondentsatuaren espektroskopiaren alorrari aparteko ekarpenak egin dizkieten zientzialari gazteen artean hautatzen da Ludwig-Genzel sariketako irabazlea. Ludwig Genzelen lanean, infragorri urrunaren espektro-tarteari buruzkoa izan da ekarpen nagusia. Diploma eta 4.000 euro jasotzen ditu saridunak. Bruker Óptica (Ettlingen) da sariketaren babeslea. Bi urtez behin eman ohi da saria, International Conference on Low Energy Electrodynamics in Solids (LEES) konferentzian. Aurtengoan, hauek izan dira hautaketa-batzordeko kideak: Martin Dressel, lehendakaria (Stuttgarteko Unibertsitatea, Alemania); Leonardo Degiorgi (EHT Zürich, Suitza), Jan Petzelt (Zientzia Akademia, Praga, Txekiar Errepublika), Karl Renk (Regensburgeko Unibertsitatea, Alemania) eta Hartmut Roskos(Frankfurteko Unibertsitatea, Alemania).
Informazio gehiago: com@nanogune.eu
Irati Kortabitarte (Prentsa-bulegoa – Elhuyar): 688 860 706
Itziar Otegui (Komunikazio Arduraduna – nanoGUNE): 943 574 000