Aro berri bati ekin dio Grapheneak
Enpresaren bosgarren urteurrena iristean Graphenearen bazkide izateari utzi dio CIC nanoGUNEk, haren sortzaileak, Nanotechnology Investment Group SL-rekin sinatutako hitzarmenari jarraikiz. Nanoteknologiaren garapenerako funtsezko materiala den grafenoaren sektoreko erreferentzia bihurtu da Graphenea nazioartean
Graphenearen "independentzia-agiria" sinatu ondoren, orain bost urte ezarritako helburuak bete egin direla adierazi dute alde biek, lankidetza bikaina izan dela, eta Grapheneak etorkizun oparoa duela. Grafenoa ekoizten eta merkaturatzen jarraituko du Grapheneak; nanoGUNEk, berriz, nanomaterial horren propietate elektronikoak eta optikoak ikertzen. Honela, bi erakundeek ikerketa elkarlanean egiten jarraituko dute etorkizunean ere.
NanoGUNEko zuzendari nagusi den Jose Maria Pitarkek duela bi urte adierazi zuenez, "arrisku oso handiko apustua" izan zen Graphenearen sorrera. Hala eta guztiz ere, orduko helburuak gainditu egin ditu. Hala diote datuek: 50 bat herrialdetan saltzen ditu Grapheneak bere produktuak; hamabi profesionaleko lantaldea du, eta ia milioi bat euroko fakturazioa izan zuen 2014an.
Grafenoa, etorkizun oparoko materiala
Aurreikuspenen arabera, etorkizun oparoa du grafenoak. Izan ere, hasi besterik egin ez den eta potentzial izugarria duen nanoteknologiaren garapenari estu lotua dago material horren ekoizpena. Zenbait sektore (aeronautika, medikuntza, energia, elektronika...), enpresa (Philips, Nokia, Nissan…), ikerketa-zentro eta unibertsitate ari dira jada grafenoa erabiltzen, eta etorkizunean askok gehiagok erabiliko dutela diote aurreikuspenek.
Oso mehea da material hori (lodiera: atomo bat), arina (0,77 miligramo pisatzen du m2 bateko xafla batek) eta sendoa (altzairua baino 200 aldiz sendoagoa); horrez gain, eroankortasun elektriko eta termiko ikaragarria du. Grafenoari esker, hegazkin arinagoak eta erresistenteagoak egingo dira, bonbilla eraginkorragoak, bateria hobeak eta askoz iraunkorragoak, paper elektronikoa eta beste zenbait gauza. Bestalde, oso garrantzitsua izango da etorkizuneko medikuntzan eta elektronikan ere. Pitarkeren iritziz, nanozientziako eta nanoteknoliogiako aurrerapenak ditu ardatz nagusi egungo garapen teknologikoak, non garrantzi handia duen jada grafenoak.
Ez zen gertakizun isolatua izan Graphenearen sorrera, euskal industrian nanoteknologia sustatzeko nanoGUNEren estrategiaren emaitza baizik. Graphenea sortu zen garai bertsuan (2010) nanoHabia sortu zuen nanoGUNEk, nanoteknologiaren alorrean enpresa-proiektuak bultzatzeko. “Bikaintasunezko ikerketa du helburu nanoGUNEk, Euskal Herriko ekonomia eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko betiere. Horretarako, enpresa berriak sortzea da gure eginkizun nagusietako bat" zioen, duela bost urte, nanoGUNEko zuzendariak. Irizpide horri jarraikiz, hainbat enpresa sortu ditu nanoGUNEk Grapheneaz gain: Simune (2014ko urtarrila), zeinak eskala atomikoko simulazioak egiten dituen; Ctech-nano (2014ko uztaila), zeinak, geruza atomikoen jalkitzean nanoGUNEk duen ahalmenaz eta eskarmentuaz baliaturik, nanoestalduren alorrerako zerbitzu pertsonalizatuak eta tresna espezifikoak eskaintzen dituen, eta Evolgene (2014ko iraila), industriako zenbait sektoretan aplikatzen diren arbaso-entzima ultraeraginkorren berreraikuntzan jarduten den enpresa.