Spin-propietate ezezagunak aurkitu dituzte material artifizial berrietan
CIC nanoGUNEko Nanogailuen taldeak deskubritu du bira “magiko” batek propietate spintroniko emergenteak ematen dizkiela material batzuei. Nature Materials aldizkarian argitaratu da lana, eta bide berriak ireki ditu etorkizuneko elektronikako gailu berriak garatzeko.
CIC nanoGUNEko Nanogailuen taldeak, Pragako Charles Unibertsitateko eta Donostiako CFM (CSIC-UPV/EHU) zentruko ikertzaileekin batera, spintronikaren alorrean propietate emergenteak dituen material konplexu berri bat diseinatu du. Aurkikuntza horrek (Nature Materials aldizkarian argitaratua) aukera berri ugari ekarriko ditu gailu elektroniko berriak —efizienteagoak eta aurreratuagoak— garatzeko, hala nola prozesadoreetan memoria magnetikoak integratzen dituzten gailuak.
Material bidimentsionalek ezaugarri paregabeak dituzte, eta haiek aurkitu izanak gorakada bat eragin du halako materialen ikerketan; izan ere, efektu berriak lortzen dira halako materialen bi geruza metatzen direnean heteroegitura bat osatuz. Duela gutxi ikusi da, geruza horiek gutxi-gutxi biratuta, nabarmen alda daitezkeela heteroegitura horren propietateak.
Félix Casanova Ikerbasque ikertzaileak (nanoGUNEko Nanogailuak taldeko liderretako bat eta lan honen gidaria) zera azaldu du: “Lan honetan, grafenozko eta wolfram seleniurozko (WSe2) bi geruza metatu ikertu ditugu. Bi geruzak bata bestearen gainean jarri eta angelu jakin batez biratzen badira, spin-korronte bat sortzen da nahi dugun norabidean”.
Normalean, korronte elektrikoarekiko perpendikular transferitu ohi da spina (elektroien eta beste partikula batzuen propietateetako bat). Spin-korronte horiek manipulatzea spintronikaren muga nagusietako bat da (spinak informazioa gordetzeko, manipulatzeko eta transferitzeko erabiltzen duen elektronika da spintronika). Hala ere, Félix Casanovak azpimarratu duenez, “lan honek erakutsi du muga hori gainditu egiten dela material egokiak erabiltzen direnean”.
Amaitzeko, ikertzaileak esan du ezen, bi geruza modu sinplean metatuta eta bira “magiko” bat aplikatuta, jatorrizko materialetan ez dauden eta spinarekin erlazionatu dauden propietate berriak diseinatu eta lor daitezkeela. Azaldu duenez, “zenbat eta malgutasun handiagoa izan materialak hautatzeko garaian, are eta diseinu-aukera gehiago izango ditugu hurrengo belaunaldiko gailuetan”.
Haozhe Yang, Beatriz Martín-García, Jozef Kimák, Eva Schmoranzerová, Eoin Dolan, Zhendong Chi, Marco Gobbi, Petr Němec, Luis E. Hueso & Fèlix Casanova
Twist-angle-tunable spin texture in WSe2/graphene van der Waals heterostructures.
Nature Materials (2024)