Nacho Pascual fisikariak ERC Advanced Grant finantzaketa lortu du material kuantiko berriak garatzeko
Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko sigletan) ERC Advanced Grant proiektu prestigiotsuetako bat eman dio CIC nanoGUNEko Nacho Pascual Ikerbasque ikerketa-irakasleari. Hiru milioi euroko laguntzari esker, CONSPIRA (Coherent control of spin chains in Graphene nanostructures) proiektua gauzatu ahal izango da, bost urtez gutxienez.
ERC Advanced Grant laguntza ospetsuak bikaintasun zientifikoaren aintzatespen garrantzitsuena dira Europan. Epe luzeko finantzaketa ematen dute, ikertzaile bikainenei eta haien taldeei laguntzeko, arrisku handiko eta onura handiko berrikuntzak bilatuz edozein ikerketa-eremutan. Europako Ikerketa Kontseiluak bikaintasun zientifikoa eskatzen die proiektuari eta ikertzaileei ebaluazio-irizpide bakar gisa, eta horrek Europako ikerketa zientifikoaren abangoardian jartzen du Nacho Pascual.
CONSPIRA proiektua bigarren belaunaldiko teknologia kuantikoen esparru emergentearen barruan kokatzen da, gailu logiko kuantikoak diseinatzen aurrera egiteko aukera ematen duten material kuantiko molekular berriak aztertu eta garatzeko. Zehazki, Pascualek spin elektronikoa eta spin nuklearra konbinatzen dituzten grafenozko egiturak diseinatzea eta fabrikatzea planteatzen du. “Lehena materialetan magnetismoa eratzen duen oinarrizko propietate bat da. Bigarrenak eragiketa kuantikoak egiteko potentziala du. CONSPIRA proiektuak elektroien magnetismoa nukleo atomikoen magnetismoa manipulatzeko erabiltzea proposatzen du —magnetismo hori babestuago dago eta egonkorragoa da—. Horri esker, informazio kuantikoa kodetu ahal izango litzateke interakzioan dauden atomo konektatuen sailetan”, azaldu du Pascualek.
Ikuspegi berritzaile horretarako, beharrezkoak dira tresneria aurreratua eta bi teknika konbinatzea: tunel-efektuko mikroskopia eta barrunbeen elektrodinamika kuantikoa. “Tunel-efektuko mikroskopiari esker, atomo indibidualetan sar gaitezke eta manipulatu egin ditzakegu; barrunbeen elektrodinamika kuantikoari esker, berriz, spinak eszitatu eta modu koherentean kontrola ditzakegu, mikrouhinak erabiliz. Teknika horiek konbinatzeak aukera berriak irekitzen ditu konputazio kuantikoan eta informazio kuantikoaren manipulazioan”, erantsi du nanoGUNEko ikertzaileak.
Europako laguntza teknika horiek konbinatzeko aukera emango duen azken belaunaldiko ekipamendua erosteko erabiliko da nagusiki, baita ikerketa-ildo berri horretarako lan-talde espezifikoa osatzeko ikertzaileak kontratatzeko ere.
“CONSPIRA helmen handiko proposamena da, eta erronka handia, konputazio kuantikorako unitate logikoak sortzeko", dio Nacho Pascualek. “Gure ikuspegiari esker, zehaztasun atomikoz kokatutako nukleo atomikoen egoera kuantikoa kontrolatu ahalko dugu grafenozko sare batean, eta horrek unitate logikoen eskalagarritasuna nabarmen hobetzeko eta konputazio kuantikoko eragiketen zehaztasuna eta efizientzia hobetzeko ahalmena dakar berekin”.
Pascualen arabera, proiektu honekin “bultzada handia eman zaio bai nanoGUNEn bai haren ingurune zientifikoan egindako ikerketa-lanari. Izan ere, materialen zientziaren aldeko apustu sendoa egin da aspalditik, eta zientzia eta teknologia kuantikoetaranzko eraldaketa sustatzen ari da gaur egun”. “Materialak eskala nanometrikoan aztertzen emandako urteei esker, orain fenomenologia kuantikoa uler eta zuzendu dezakegu”, erantsi du ikertzaileak. “Proiektuak, halaber, tokiko eta nazioarteko lankidetzan egindako lanak ere aintzatesten ditu, haiei esker oinarriak jarri baitira proposamen disruptibo honek arrakasta izateko”. Pascual eta bere taldea hunkituta daude ikerketan aurrera egin eta konputazio kuantikoaren etorkizunari laguntzeko duten aukeragatik.
NanoGUNEko zuzendari José María Pitarkeren arabera, “ERC aintzatestea albiste bikaina da, agerian uzten baitu nanoGUNEk punta-puntako posizionamendua duela teknologia kuantikoen garapenean, eta nazioartean garrantzi handia duen proiektu bat ekarri baitu euskal erakundeek zientzia-eremu horren alde egindako apustura”.
Nacho Pascual Madrilen jaio zen 1968an eta 1998an Zientzia Fisikoetako doktoretza lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Bere ibilbide zientifikoaren parte bat Berlingo Unibertsitate Librean irakasle gisa egin ondoren, 2012an CIC nanoGUNEn hasi zen lanean, Ikerbasque ikerketa-irakasle gisa. Tunel-efektuko mikroskopia erabiliz atomo eta molekuletan zeharreko garraio elektroniko kuantikoari buruz egin dituen ikerketak lagungarriak izan dira nanoelektronikan ikerketa-eremu berri bat ezartzeko.
Ikusi Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) prentsa-oharra eta informazio osagarria hemen.