Niklas Friedrich, tesi esperimental onenaren GEFES 2023 sariduna
nanoGUNEko Nanoirudia taldeko ikertzaile Niklas Friedrichi materia kondentsatuaren fisika esperimentaleko doktoretza-tesirik onenaren saria eman dio Espainiako Fisikako Errege Elkarteko (RSEF) Materia Kondentsatuaren Fisikako Dibisioak (GEFES), Electronic transport through suspended graphene nanoribbons using a scanning tunneling microscope izenburupean eginiko tesiagatik.
Espintronika molekularraren teknologiak molekula organikoen spin nuklearra baliatu nahi du oinarrizko informazio-unitate gisa. Tesi horrek grafenozko nanotiren bidezko garraio elektronikoa aztertzen du. Grafenozko nanotira (GNR) horietan integratutako unitate berezi batzuek sortutako spin-egoeretarako sarbide elektronikoa erakusten du.
Lan horren emaitzak molekula mailako osagai espintronikoen kontzeptu-froga bat dira, eta laguntzen dute hobeto ulertzen elektroiak grafenozko nanotiretan zehar garraiatzeak dituen ondorio fisikoak eta grafenozko nanotiren magnetismoaren jatorria.
Niklas Friedrich
Niklas Friedrichek Fisika ikasi zuen RWTH Aachen Unibertsitatean eta Jülich Research Centerren, biak Alemanian, eta Txileko Santiagoko Unibertsitatean. Materia Kondentsatu Esperimentalaren Fisikako masterra egin ondoren, doktoretza-tesia egiten hasi zen nanoGUNEn, tunel-efektuko mikroskopioaren erabileran sakontzeko. “Asko erakartzen nau ikerketa zientifikoak, naturaren funtsezko prozesu harrigarriak ezagutzeak eta gizateriaren ezagutza kolektiboa handitzeak gure unibertsoaren funtzionamendua ezagutzeko. Liluragarria zait tunel-efektuko mikroskopioa; bereziki, banakako molekulak eskala nanometrikoan, hau da, atomoen eskala intrintsekoan, modu kontrolatuan manipulatzeko aukera. Oso argi neukan horrelako tresna batekin lanean jarraitu nahi nuela, eta nanoGUNEn doktoretza bat hastea erabaki nuen, Nacho Pascual Ikerbasque ikertzailearekin grafenozko nanotiren propietate elektronikoak zehaztasun atomikoz ikertzen”, adierazi du ikertzaileak. Gaur egun, grafenozko nanoegituren eta haien propietate espintronikoen arloan ikertzen jarraitzen du nanoGUNEko Nanoirudia taldean.