CIC nanoGUNEk patente-zorroa handitu du

Berriki lortutako hiru patentek eta beste hiru patente-eskaera berrik nabarmen aberastu dute CIC nanoGUNEren industria-jabetzaren zorroa. Gaur egun, zentroak 25 patente aurkeztuta ditu osasunaren, optikaren, materialen zientziaren eta elektronikaren arloetan; hori bai, nanoeskalan. Gainera, 17 patente enpresetara lizentziatuta ditu, merkataritza-ustiapenerako.

CIC nanoGUNE amplía su cartera de patentes

Aplikazio-eremuen aniztasun horrek egiaztatzen du nanozientziaren ikerketak aldakortasun handia duela, eta metodo eta teknologia lizentziadunak gehitzeak agerian uzten du industria-prozesuak eta -produktuak hobetzeko eta horiei balioa eransteko gaitasuna. “Gure helburua da bikaintasuneko ikerketa egiten jarraitzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko gai diren garapen zehatzak sektore ekonomikora transferitzea”, azaldu du Ainara Garcia Gallastegui nanoGUNEko teknologia-transferentziaren arduradunak.

Esleipen berrietako bat T-MOKE metodoari dagokiona da, nanoGUNE eta CEIT zentro teknologikoaren arteko asmakuntza bat. MOKE (Magneto optical Kerr Effect-en ingelesezko siglak) oso metodo aldakorra da propietate magnetikoak neurtzeko erabiltzen dena, eta, bereziki, aplikatutako eremu magnetiko bati lagin edo gailu batek ematen dion erantzun magnetikoa neurtzeko erabiltezen da. MOKE neurketen abantaila nagusia da kontakturik gabeak direla eta, beraz, ez direla suntsitzaileak, eta laginaren edozein formatarako funtzionatzen dutela. “Berriki patentatu eta emandako gure metodo berriak (T-MOKE) printzipio optiko bera erabiltzen du (lagin baten erantzun magnetikoa aldatu ahala, islatutako argiaren aldaketak neurtzea), baina askoz modu zehatzagoan, osagai optiko eta magnetikoen bereizketa fisikoarekin lotutako konfigurazio oso trinkoak ahalbidetzen baititu. Berrikuntza nagusia da neurketa-protokolo zehatza eta erregistratutako datu guztien analisi matematiko osoa definitzeko gai dela”, adierazi du Andreas Berger-ek, nanoGUNEko Nanomagnetismo taldeko buruak eta metodo berriaren egileetako batek. “Gure metodoa interesgarria izan daiteke materialen oinarrizko azterketetan erabiltzen diren tresnetarako, baina baita kalitatea kontrolatzeko sistemetarako ere, beste teknika konbentzional batzuk baino askoz zehatzagoa baita”, erantsi du Bergerrek.

Bioteknologiaren arloan bi patente berri lortu dituzte, horietako bat nanoGUNEren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) artean jabetzan. Zelulasa-entzimak, bakarrik edo konbinatuta, bioerregaien ekoizpenean, orearen eta paperaren fabrikazioan, ehungintzan, garbigarrietan, elikagaien eta pentsuen industrian, garagardoaren ekoizpenean, nekazaritzan eta osasungintzan erabil daitezke. Industrian erabiltzeko potentzial izugarria dute. Hala ere, gaur egungo zelulasek eraginkortasun mugatua dute muturreko baldintzetan, hala nola prozesu industrialetan. Hori dela eta, “patente hauen muina da zelulasen jardueraren eraginkortasuna hobetzen duen koktel entzimatiko bat garatzea baldintza industrial gogorretarako, hala nola tenperatura altua eta muturreko pH-a”, azaldu du Rául Pérez-Jimenez Ikerbasque ikertzaileak eta nanoGUNEko Nanobioteknologia taldeko buruak. Horretarako, “antzinako zelulasa-entzimak berreraikitzeko teknika bat erabili dugu. Entzima horiek 3.000 milioi urte baino gehiagora iritsi ziren, eta Lurrean bizi izan ziren, industria-prozesuen antzeko baldintzetan. Helburu nagusietako bat da antzinako entzimetan oinarritutako entzimen koktela eraikitzea, bioetanolaren industrian erabiltzeko”, erantsi du Pérez-Jimenezek.

Asmakizun berriak

Nanobioteknologia taldeak grafeno oxidozko eta nanokitinazko tinta eroaleak garatu ditu. “Grafeno oxidoak eroankortasuna ematen dio garatutako produktuari, eta nanokitina prozesu entzimatikoetatik lortzen da. Emaitza material eroale, termoegonkor eta erresistentea da, biotinta inprimagarriak egiteko erabil daitekeena”, azaldu du Rául Pérez-Jiménezek.

Material aurreratuen arloan, material autokonpongarriak dira kanpoko aktibatzaile sofistikatuen beharrik gabe izaten dituzten kalteak konpontzeko gai diren materialak. Pantailetan, gailu mediko pertsonaletan edo ehun adimendunetan sarri erabiltzen dira. Material horiek automatikoki berrezartzen dituzte zenbait funtzio kanpoko kalteak jasan ostean. “Autokonponketa horrek materialen balio-bizitza luzatzen du, eta, beraz, ekarpen garrantzitsua da ingurumenerako eta teknologia jasangarrietarako. Gure asmakuntzak lurrun-faseko infiltrazioa (VPI) aplikatzen die substratu polimeriko batzuei, eta, hala, polimero horien gaineko estaldura ez-organiko funtzionalak konpontzeko aukera ematen du, kalteak jasan eta funtzioak galdu ditzaketen kasuetarako”, azaldu du Mato Knezek, Ikerbasque ikertzaile eta nanoGUNEko Nanomaterialen taldeko buruak.

Javier Latasak, nanoGUNEko Automihiztaketako adituak, 3D inprimagailuetarako gailu berri bat garatu du fabrikazio aditiborako. “Zuntz ultrafinez egindako material konposatuak ekoizteko buru bat da. Gailu berri horrek nabarmen hobetzen du gehikuntzako fabrikazio-prozesua; bestela, materiala aldatu behar den bakoitzean buruak aldatu beharko lirateke eta” dio. “Hainbat fabrikazio-teknika buru bakar batean integratzeak egitura hibridoak sortzeko aukera ematen du, hainbat morfologiatako materialak konbinatuz. Hori bereziki onuragarria da ehun-ingeniaritzan aldamio edo scaffold gisa erabiltzen diren nanokonpositeak fabrikatzeko”, gehitu du Javier Latasak.