Ireki da udako praktika programan izena emateko epea
NanoGUNEko ikertzaileekin batera 2 hilabetez ikerketa-proiektu errealetan aritzeko aukera izango dute unibertsitateko ikasleek. 2023ko otsailaren 12ra arteko epea dago eskaerak bidaltzeko.
CIC nanoGUNEk Udako Praktika Programan parte hartzeko urteroko deialdia zabaldu berri du. Programa honen bitartez, nanoGUNEk aukera paregabea eskaintzen die unibertsitateko ikasleei puntako ikerketa-zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko.
Programa honen baitan, Fisikako, Kimikako, Biologiako eta Ingeniaritzako 3. eta 4. mailako unibertsitateko hamar ikasleri gutxienez bi hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango zaie. Unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera arituko dira ikerketa-proiektuetan honako arlo hauetan: nanoeskalako optika, nanobioingeniaritza, fenomeno elektronikoak, magnetismoa eta nanoeskalako materialak.
Interesdunek otsailaren 12a baino lehen nanoGUNEren webgunean egin beharko dute programa honetan parte hartzeko eskaera. NanoGUNEren webgunean bertan (www.nanogune.eu) aurki dezakete ikasleek deialdiari buruzko informazio xehea.