II Global Graphene Call, grafenoarekin zerikusia duten enpresa-ideiak
CIC nanoGUNEk —nanozientziako euskal ikerketa-zentroa—, BerriUp-ek —Donostiako startup-azeleragailua—, Grapheneak —grafenoa ekoizten eta merkaturatzen duen nanoGUNEren lehen startup-a— eta Donostiako Sustapenak —Donostiako Udalaren garapen ekonomikoko elkartea— lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute grafenoarekin zerikusia duten ikerketa-proposamenak sustatzeko. Horretarako, II Global Graphene Call izeneko bigarren deialdia egin dute, grafenoarekin lotutako enpresa-ideiak garatzeko.
2020an egin zen lehen deialdia eta 35 proiektu erregistratu ziren; enpresa irabazlea Holandakoa izan zen, deialdiaren nazioarteko kutsua erakutsiz. Emaitza horiek bultzatu dute, hain zuzen ere, 2022an deialdi berri bat egitera, orain Donostiako Sustapenaren laguntzarekin.
“Grafenoari buruzko ezagutza handia dago gure lurraldean, hein handi batean nanoGUNE eta Grapheneari esker. Material horri lotutako ekosistema bat eraikitzen jakin dugu eta Euskal Herria arlo horretako munduko liderren artean kokatu dugu. Horrenbestez, grafenoaren inguruko ekimen berri honekin ekimen berritzaile berriak erakarri nahi ditugu —enpresa-proiektuak edo produktu-garapenak—, grafenoaren alorrean sortu dugun ekosistema aberasten jarraituko dutenak Euskadin”, adierazi du Jose María Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusiak.
Jesús de la Fuente Grapheneako zuzendari exekutiboak grafenoa erabiliz aplikazioren bat garatu nahi duten ekintzaileei laguntzeko ilusioa du. “Grafenoaren sintesian eta material aurreratuen merkaturatzean dugun esperientzia eskain dezakegu. Grafenoan oinarritutako gailu edo teknologia bat abiaraztea erronka berritzaile handia da, baina denbora asko behar du garatzeko eta inbertitzeko. Horregatik, deialdi hau aukera bikaina da material horietan oinarritutako aplikazioren bat errealitate bihurtu nahi duen pertsona edo talde batentzat”, erantsi du.
“Gure lurraldera negozio-eredu, proiektu edo startup berriak erakartzen laguntzeko modu bat dela uste dugu, azeleragailu gisa sektorearentzat ona dela uste baitugu”, nabarmendu du Patricia Casado BerriUp-eko zuzendariak.
Bestalde, Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziak azpimarratu duenez, “ekimen hau bat dator Donostiako Sustapenak gure hiriburua zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa kokatzeko egiten ari den lanarekin. Talentua erakartzeko eta atxikitzeko lan egiten dugu, Europako batez bestekoaren gainetik jartzen gaituzten enpresa eta startup berritzaileen ekosistema bat bultzatuz. Talent House eta ekintzailetza eta proiektuak sustatzeko programak eta laguntzak dira apustu horren adibideak”.
Lau erakundeak bat datoz ekimen-mota horiei eskaintzeko asko dutela esaterakoan: BerriUp-ek eskaintzen duen azelerazio-metodologia, Grapheneak eskaintzen duen grafeno-produktuen sorta, nanoGUNEk duen azpiegitura eta puntako ekipamendua, eta Donostiako Sustapenak eskaintzen dituen ekintzailetza-programak eta proiektuak suspertzeko laguntzak. “Konbinazio horrek gure lurraldera proiektu berriak bultzatzeko eta erakartzeko osagai guztiak dituela uste dugu”, ondorioztatu dute.
Parte-hartzaileek beren proiektuak eta egiazkoak aurkeztu beharko dituzte, eta parte hartu ahal izateko proiektua osorik erregistratu beharko dute horretarako prestatu den inprimakian. Formulario hori lau erakundeen webguneetan dago eskuragarri. Proiektuak bidaltzeko epea 2022ko otsailaren 28an hasi eta martxoaren 28an bukatuko da.
Hautatutako finalistek azelerazio-programa pertsonalizatua izango dute BerriUp-en egoitzan, 2022ko ekainetik abuztura bitartean. Halaber, Grapheneako materiala eta nanoGUNEren ekipamendu zientifikoa erabiltzeko aukera izango dute. Proiektu finalista Donostian eratzen edo instalatzen bada, Donostiako Sustapenaren laguntza izango dute: produktua prototipatzeko bonu teknologikoak, ostaturako laguntza eta abar.