Nanogailuen taldeak EBaren 2D-INK FET Open proiektuan hartuko du parte

2D-INK proiektuak, POLYMAT-UPV/EHUko Material Molekularren eta Supramolekularren Taldeak koordinatutako proiektuak, Europar Batasunaren 2.962.661 € jasoko ditu. Proiektu honek helburu du propietate erdieroaleak dituzten tintak garatzea -gailu elektronikoek funtziona dezaten beharrezko propietatea- grafenotik eratorritako materialen bidez, kostu-baxu eta eskala handiko fabrikazio prozesuetarako. Tinta erdieroale horien bitartez, gailu elektroniko ultrafinak fabrikatu ahalko lirateke (transistoreak, LEDak eta eguzki zelulak, besteak beste), gaur egungo tinta injekzioko inprimagailuen teknologia berbera erabiliz.

NanoGUNEko Nanogailuen taldea proiektuaren bederatzi kideetako bat izango da. Bere ardura partzuergoko beste kideek emandako tinta erdieroale batekin transistoreak egitea, eta probatzea, da. Gailuen miniaturizazioaz ere arduratuko da nanoGUNE, hauekin gailu mugikorrak bezalako aplikazio elektroniko egiteko intentzioarekin. Horretarako, 297.600€ jasoko ditu, hiru urteko eperako.

Graphenea enpresak ere, 2010ean nanoGUNE eta inbertsore pribatuen artean sortutakoak, parte hartuko du proiektuan. Ikerketa talde kolaboratiboa europako sei kidek osatuko dute: Universidade do Minho-ko Algoritmi zentroak (Braga, Portugal); Valentziako Unibertsitateko ICMol institutuak; Technische Universität München unibertsitateak (Munich, Alemania); Katholieke Universiteit Leuven unibertsitateak (Lovaina, Belgika); Universität Wien unibertsitateak (Viena, Austria); eta University of Nottingham unibertsitateak (Erresuma Batua).

Europako Batasuneko FET-OPEN (Future and Emerging Technologies) proiektuek hasierako fasean dauden ikerlerroak babesten dituzte, teknologia berriak sorraraz ditzaketen ideietan oinarritutakoak. Ildo horretatik, EBren egitasmoak diziplina askotako zientzialari eta ingeniariak animatzen ditu zientziaren arloan aurrerabideak sustatzen dituzten ikerketa proiektuetan parte hartzera. Halaber, azpimarratzekoa da Europako FET-OPEN (Future and Emerging Technologies) programa deialdi oso lehiakorra dela; izan ere, aurkezturiko 643 proiektuetatik, soilik 24 (% 3,7) finantzatu dira Europa osoan.

Patenteak

Aurelio Mateo-Alonso proiektuaren koordinatzailearen arabera, hainbat propietatetako dimentsio biko materialen bidez tinta erdieroaleak garatzea “aurrerapauso garrantzitsua izango da gailu elektroniko ultrafinen hurrengo belaunaldirako material berriak sortzeko bidean; besteak beste, transistoreak, LEDak, eguzki zelulak eta fotodetektagailuak”. Ikertzaileek diotenez, gainera, 2D-INK proiektuaren aukera teknologikoak ikusita eta enpresa pribatu baten parte hartzeak, patenteak sortzea espero dela.